Endika Lejarzegi eta Aimar Hidalgo preso algortarren senideek auto istripua izan dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mai. 3a, 20:30

Etxeratek atzo emandako datuen arabera, larunbat arratsaldean gertatu zen istripua, 14:45ean, Algeten (Madril). Endika Lejarzegi eta Aimar Hidalgo algortarren eta Angel Elcid-en bost senide eta lagun zihoazen autoan, eta beste auto batek atzetik jo zituen. Aranjuezko espetxean hiru presoak bisitatzetik Euskal Herrira abiatu berriak ziren, 530 kilometro egiteko zituztela. Bost bidaiarietako batek ornoetako zaintiratua du eta, ondorioz, lepokoarekin ibili beharko du. Beste lau lagunek giharretako kontrakturak dituzte. Igandean, berriz, Aitor Duran presoaren bikotekideak eta bere ahizpak izan zuten istripua, Topaserako (Salamanca) bidean. Urte hasieratik 10 errepide ezbehar izan dituzte euskal presoen senide eta lagunek sakabanaketaren eraginez, jakinarazi dutenez.

"Euskal preso politikoen senide eta lagunak jo puntuan jartzea" leporatu die Etxerat elkarteak Espainiako eta Frantziako estatuei, eta sakabanaketa politikaren helburua "senide eta lagunak zauritzea, hiltzea eta izugarrizko odoluste ekonomikoa eragitea" dela salatu du. Hala, "koldarkeria politikoa alboratu" eta gatazkaren konponbidean lagunduko duten benetako pausoak emateko, eta sakabanaketa amaitzeko exijitu die Etxeratek bi estatuei. Halaber, euskal eragile eta erakundeei "sarraski isil hau bukatzeko" konpromisoak hartzeko deia egin die euskal presoen senide eta lagunen elkarteak: "Orain arteko jarrera alboratu eta behingoz euskal gizarteak behin eta berriro erakutsi duen nahia betearazteko konpromisoak exijitzen dizkiegu".

Sakabanaketak Algortan bi hildako

Presoak bisitatzeko bidaietan "sakabanaketaren ondorioz" hil direnen artean, Anjel Figeroa algortarraren familiak Alcala Mecora (Madril) bisita egitera zihoala, 1997ko martxoaren 14an izandako istripuaren ondorioz, Antxoni Fernandez, Figeroaren amama, 75 urtekoa, hil egin zela gogoratu du Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Baita Txetxu Fernandezen (Algortakoa bera ere) familiak Logroñoko espetxera bisita egitetik etxera zetorrela, 1999ko apirilaren 3an Mari Carmen Salbide (Ugao) Fernandezen senitartekoa hil zela ere.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun