Arkaitz Goikoetxea berriro epaituko dute aste honetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mai. 3a, 21:31

Nahiz eta beste auzi batengatik apirilaren 14an behin behineko askatasuna eskuratu, epaiketa berria dauka maiatzaren 5, 6 eta 13an Espainiako Auzitegi Nazionalean Arkaitz Goikoetxeak. Algortarrarekin batera, Egoitz Coto (Barakaldo), Bittor Franco (Barakaldo), Zigor Blanco (Trapagan), Sebas Gurtubai (Bilbo), Aitor Urtasun (Santurtzi) eta Ander Arrillaga (Portugalete) gazteak daude auziperatuak. Hain zuzen ere, 2001eko abuztuaren 5ean Portugaleten izan ziren kale istiluetan, kalez jantzitako ertzainen auto baten kontra koktelak botatzea leporatzen diete Goikoetxeari eta beste sei gazte bizkaitarrei. Apirilaren 7an hastekoa zen epaiketa, baina bertan behera gelditu zen egun bat lehenago, Haika-Segi auzia egiten ari zen aretoan egin behar zelako. 2004ko abenduan ere atzeratu egin zen. Fiskalak 31 urteko espetxe zigorra eskatzen dio bakoitzari.

Akusatuek beti ukatu dute horrekin inolako zerikusirik daukatenik. Baina Ertzaintzak dio txano batzuk topatu zituztela gertaeren inguruan eta inputatuen ADN aztarnak aurkitu zituztela txano horietan. Gurasoak elkarteak salatu duenez, "Ertzaintzak azken aldian arazoak izan ditu beren kontra jarritako tortura salaketa ugariekin, eta ADN metodo berria asmatu du zigortu nahi dituen gazteak espetxera sartzeko. Metodo horren bidez saihestu egiten ditu tortura salaketak, inkomunikazioan lortutako deklarazioen inguruko zalantzak… eta polizia moderno eta zientifiko gisa agertzen da, inongo kontrol eta berme judizialik gabe poltsikotik ateratzen dituzten ADN aztarnak erabiliz gazte burrukalariak inolako frogarik gabe zigortzeko". Egun hauetan, hain zuzen, Orkatz Gallastegi berangoztarrari, kutxazain bat erretzea leporatuta, 6 urteko espetxe zigorra sartu diote "horrelako froga bat erabiliz", gogoratu dutenez.

Froga zalantzagarriak

Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, berriz, kasu hau "kate baten beste begi bat besterik ez" dela adierazi du. "31 urterako kondenatu nahi dituzte hauek, Euskal Herriaren askatasun prozesuan inplikatutako gazteak direlako besterik gabe. Ez dugu hauen errugabetasunaz inor konbentzitu nahi, baina argi eta garbi esan behar dugu inolako frogarik gabe ezin dela inor zigortu", salatu dute. Ildo horretan, Ertzaintzak erabiltzen ari den "metodo berria" gaitzetsi dute, "inork ez dakien nondik atera dituzten ADN aztarna horiek ezin direla froga modura aurkeztu" esanez. Horretaz gain, "Ertzaintza bere 'fitxategian' sartuta dauzkaten guztien ADN aztarnak jasotzen sistematikoki ari dela", salatu dute, "gero holakoetan edo bestetan erabili ahal izateko!".

Epaiketaren aurkako mobilizazioak

Maiatzaren 5, 6 eta 13an (epaiketa egingo den egunetan) elkarretaratzeak egingo dira Algortan, Telletxe plazan, 20:00etan, Arkaitz Goikoetxea eta gainerako inputatuen askatasuna exijitzeko. Bestalde, Gurasoak elkarteak kontzentrazio bat egitera deitu du maiatzaren 5erako, 10:00etan, Bizkaiko Probintzi Auzitegiaren aurrean (Buenos Aires kalea / Bilbo).
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun