Caroline Lawrence Ingalaterran jaio zen, gurasoak estatubatuarrak zirela. Kalifornian hazi zen eta gaur egun Londresen bizi da. Ikasketa klasikoak burutu ditu eta "Erromako misterioak" haur eta gazteentzako eleberri bildumaren egilea da. Orain arte hamar liburu idatzi ditu.
Hitzaldietan ohikoa duenez, Lawrencek janzkera erromatarra eramango du Berangoko eskola estatubatuarrera egingo duen bisitaldian. Antzinako Erromaren misterioak eta idazteko erabakia zergatik hartu zuen azaldu ostean egingo ditu tailerrak ikasleak adin taldetan sailkatuta. "Star Wars", "Matrix" edo "James Bond" bezalako filmetan Greziako mitologiak duen eragina, bere eleberriak sortzeko dokumentazioa non aurkitzen duen, liburuen azalak zelan ekoizten diren edo eleberri baten lehenengo lerroko testua zelan erabaki azalduko du, besteak beste, Kaliforniako idazleak.