Gose grebako egunerokoa (kartzelako kuadernoa)

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mai. 4a, 20:43

Iragan martxoaren 15etik 27ra Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) gose greba mugagabe bati ekin zion, urtarrilaren 3an abian jarritako txandakako itxialdiei jarraipena emateko. Kolektiboa osatzen duten 700 bat lagunekin batera, Soto del Real espetxean dagoen Galder Bilbao “Txapi” algortarrak ere ekin zion gose grebari. Egun horietan bizi izandakoak idatziz jaso zituen gazteak. Oraingoan, protestaldi horren gaineko egunerokoa eta bertsoak helarazi dizkigu Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, oihu@ agerkari elektronikoaren bitartez.

Lehen eguna (m-15)

A zer nolako aurpegia jarri zuten atzo funtzionarioek instantzia entregatzerakoan!! Bertan emoten diegu ekimenaren berri ta kolektiboaren aldarrikapenak: isolamendurik ez, estatus politikoa orain eta gatibuen herriratzea prozesuan parte hartzeko.

Ur botila banatu ezineko laguna hemendik aurrera.

Moduloko lau kideek enkartelada burutzen dugu jantokiaren parean preso arruntei ekimenaren berri emoteko.

Eguna ondo, sabela hitz egiten hasi da, baina gutxi.

Bigarren eguna (m-16)

Ez futbolik ez kirolik. Irakurri ta idatzi bakarrik ta bista nekata. Eskerrak eguzkiak energiz puzten gaituela.

Kide bat enfermirira gaixorik. Sueroa nahi zioten jarri: “baita zea ere!!!, erran dio.

Hirugarren eguna (m-17)

Gaur, gose grebaz gain zeldan txapatu gara irten gabe: Uruguayn hildako exiliatu kidearekiko dolumin egun bezala eta Frantziako La Sante kartzelan funtzionarioek kide bati emondako jipoi larria salatzeko. Ezarri behar diguten zigorra bost axola zaigu.

Lau, bost, seigarren egunak (m-18, 19, 20)

Sorbaldak pixkat pisutsuak ta gorputza ahultzen hasi. Mugimendu geldoak ta burua astuna, baina burukomiñera ailegatu barik, sabelak pairatu partetik txarrena ta orokorrean urduri ezin lo egin gabean. Gaubelan, antsioso modun a bihotz taupada ariñak egunean zehar.

Mamu aurpegi txuriak hasiak gara izaten, mozkor aurpegia diote.

Ahotik kiratsa atera askatzen den azetonaren eraginez.

Pisu galtzea nabaritzen hasi gorputz bakoitzaren arabera.

Zazpi, zortzigarren egunak (m-21, 22)

Gorputza ohituta egoerari jada ta ez det ia ezer nabari, sabela lantzean behin.

Kideek ezin dute janaria ikusi, niri berdin dit: jateaz guztiz ahaztuta baina ez janariaz, mariskoa beti buruan ta janariaren inguruan dira plan guztiak.

Ahultasuna gero ta nabariagoa baina ondoegote egonkorra.

Zenbait kidek greba utzi behar izan dute: arritmiak, azukre ta tentsio jeitsierak, odola ahotik botaka, konortea galdu zorabioa.

Aipatzeko modukoa: Komunikazio medioetan ez da ezer agertzen grebari buruz baina zeozer espero genuen ekimena desitxuratzeko. Funtzionarioak kontu zikinetan hasi dira eta moduloan zurrumurrua zabaldu dute greba ez gaudela burutzen ta izkutuan jaten dugula esanez.

Jantoki eta moduloko garbitzaileak behartu dituzte gure gainean egotera: janaria hartzen dugun ikusten, gure zarama ta hondakinak bereizteko eta ekonomateroei: erosketak kontrolatzeko ta pekulio txartelak aztertzeko.

Horren aurrean funtzionarioengana jo dugu ta bileran genduela bi zerbitzu buru agertu ta aldarrikatu diegu gure protestaldiak helburu zehatz batzu bilatzen dituela ta euren jarrerak gure sinesgarritasuna kolokan jartzen duela militante politiko bezala, horregaitik eskatzen diegu gure zeldak arakatu ta mediku analisi bereziak egin ditzazten egin nagusi izateko. Ez dute ezer egiten, baina moduloak gure pausoak oihartzuna deko.

Bederatzi, hamargarren egunak (m-23, 24)

Ahulezia baino, apaltasuna ta nagikeria nagusi, belaunek fallo egin batzutan eta zangoetan kalanbre txikiak hasi. Paseo ta ariketa arinekin ekidituta eta egoera eramangarria momenturarte. Pixkat gehiago lo gabean nekearen poderioz.

Zorabio txikiak bapatean jaikitzean ahulki edo ohetik.

Medikuaren jarrera eguneroko errebisioetan: judizialki salatzeko modukoa, baina beste moduloetako kideekin egoteko aukera bakarra da.

Bere laguntzaileak tratu egokia gurekiko: pisua, gorputz tenperatura, tentsioa, mihia, begirada, pultsoa, arnasa… aztertzen digu. Bere galdera egunero berdina: “Zelan sentitzen zara?”. Erantzuna beti berdina: “Oso ondo”.

Hamaika, hamabigarren egunak (m-25, 26)

Osasun egoerak ez du aldaketa handirik: funtzionario eta preso arruntak harrituta.

Eguraldia kaxkartu egin da ta hezetasuna gorputzean sartu indar eskasiaz baliatuta nahiz ta arropa geruza ezberdinez gorputza babesten saiatzen garen. Hotzikarak.

Bukaera hurbil ikusi ta urduri berriz. Pure ta zopaz osaturiko dieta bereia eskatu eta lehen momentuan jateko diren zuku, yogurtak ta fruituak lortu. Eguneroko bi ur litroengatik ordezkatuko ditugu.

Aste baten bueltan jan ahal izango ditugun produktoak despentsatxuan jarri: errekuperazioa astiro-astiro burutzeko asmoa dugu. Grebarako prestakuntzarekin egin genuen bezala.

12 egun izan dira ta nahiz eta buruz ta animoz ondo egon, gorputza bere aldetik doa. Zaindu behar gara kartzela honetan!!

EPPKak burututako gose greba 2005 urteko martxoaren 15-27 (Kartzelako kuadernoak)

1
Beldurrra ere eman dezake
hitza entzutean “barau”
azkenean horrela izan giñen
hainbat egun ta hainbat gau
nahiz ta debekatua suertatu
hartzea jana ta ardau
hasieratik bukaerararte
bertsoak elikatu nau

2
Bizitakoa deskribatzeko
oso labur dira bi hitz
greba askoz luzeagoei buruz
entzun egin dugu aunitz
ez dakit nik zer gertatutko zen
gehiago egon behar banintz
ur botila gertu mementu oro
txupetea baldin balitz

3

Isolamendu ta bakartzea
da ezarri digutena
gatazka honen izenburuak
politikoa du izena
eztabaidan gu partehartzea
da ziurtatu behar dena
izugarrizko sintesia eginez
hori da aldarrikapena

4
Ondo eta lasai bizitzea
da gure afizioa
baina gure herria maitatzen
jarri dugu ofizioa
plante, txape eta orain barau
kartzeletan akzioa
hori izan da umiltasunez
gure aportazioa

5
Kideen esperitentziak aditu
galdera asko egin lehen
Landabururen liburua ondoren
irakurri dugu zuzen
telefonotik entzun ditugu
gomendio ta agindu ozen
denon artean prestatu dugu
aurretik eta ondoren

6
Sabela izan da protagonista
bentrilokuoa nintzen berez
dantza ariñak barrenean eta
jotak ere pairatu errez
ondoren sabela-batukada
txalapartaren soinuez
hori da nabaritzen nuena
baña bukaeran ezer ez.

7
Ahots goxoa, hizki politak
jasotzearen beharra
bertatik xurgatu dut gustora
elikagai bakarra
osagai hauek maite ditugu
ta ez da kontu zaharra
gutun eta telefono deiek
eman digute indarra

8
Hau hori eta bestea eskeintzen
arruntekin beti dantza
Julito marikoiagaz ere
egon zen tartean saltsa
“indarge hago ta besoetan
jaitsiko haut patiorantza”
nahiz eta beharrezkoa ez zen
eskertzen genuen laguntza

9
Antojo ugari izan direla
onartu egin behar ditut
hanburgesa ta zikinkeriak
agertzen ziren musutruk
gaur ere gustora egingo nioke
otarrain fiñei xurrut
esnez beteriko bularrekin
baita ere amets egin dut

10
Berrogeita zortzi orduko eguna
eguzki ta ilargiarekin
izugarrizko egarria zen
egoteko lagunekin
asetu ezineko gogoa
askatasun goseakin
barrote ta sarraila artetik
gauero oihua: “on egin!!”

11
Goilara sardeska ganibetek
jaso egin dute beto
katilu eta platerrarekin
txokotxoan zeuden seko
argia ta bidea erakutsiz
izar gorriak ederto
higitaia ta mailua goian
beti izango dira presto

12
Beñat, Arkaitz eta Aitzolekin
jarri egingo naiz hiztun
jatorri ezberdiña, bide bera
eta betirako lagun
zazpirehun bihotz, milaka musu,
elkarrekin denak jardun.
Hamabi egun, hamabi bertso,
gose greba egunez egun.

“Txapi”
2005. urteko martxoan.
Soto del Realen, modulo 2
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun