EHUk igandean egingo duen osasunaren aldeko "Tipi Tapa" ibilaldian izena emateko bihar da azken eguna

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mai. 4a, 20:53
Maiatzaren 8rako EHUko Bizkaiko campusaren Errektoreordetzak antolatu duen osasunaren aldeko II. Tipi Tapa ibilaldia aurkeztu dute gaur goizean Bilbon. Iaz bezala, ez da lehiarik izango Bilbo, Sondika, Loiu, Erandio eta Leioa zeharkatzen dituen 13 kilometrotako txangoko kideen artean. Juan Ignacio Perez EHUko errektorearen esanetan, ekimen honen bidez EHUk "kirola sustatu eta osasunarekin lotu", jendartea eta unibertsitatearen arteko harremanak estutu eta "sinbolikoki", Leioa eta Bilboko zentroak elkar lotuz, barreiatuta dagoen Bizkaiko campusa irudikatu nahi du. Aurten, haurren parte hartzea bultzatuko da, ume eta gaztetxoek lehenengo sei kilometroak trenez egingo dituztela, Artxandako igoera horrela saihestuz. Iazko 700 parte hartzaileak edo gehiago espero ditu Perezek.
Juan Ignacio Perez EHUko errektorea eta probaren antolakuntza taldeko kidea den Jon Irazusta Medikuntza fakultateko Fisiologiako katedradunak Bilboko Zazpi Kaleetako gaztetxe zaharrean egindako aurkezpenean azaldu dutenez II. Tipi Tapa ibilaldian "kirola eginez goiza atsegina igaro nahi duen orok parte ahal izango du".

Ibilbide ikusgarria

Txangoa igandean egingo da goizeko 9:30etik aurrera, Bilboko Urkixo zumardian dagoen Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolatik hasita eta Leioako campusean bukatuko da 12:30ak aldera. Bertan, 9:45ean Zazpi Kaleetako Euskotreneko geltokian trena hartu eta Sondikan txangoa hasiko duten gaztetxoek ere amaituko dute. Ondoren, Erandioko Udaleko eta EHUko polikiroldegian jakiak emango dizkiete parte hartzaileei eta nahi duenak eskuragai izango du doako autobus zerbitzua Astrabuduako metro geltokiraino.

Irazustak azaldu duenez, ibilbide gehiena oinezkoentzako zein auzo bideetatik igaroko da eta propio aukeratu dute osasungarria izateaz gain erraza eta polita izateagatik. Gainera, Bizkaiko "eraikin enblematikoak" ikusteko aukera izango da, besteak beste, Ingeniaritza eskola, Jesusen Bihotz Sakratua, Abandoibarra, Euskalduna jauregia, Deustuko unibertsitatea, Guggenheim museoa, Artxandako igoera, Sondika eta Loiuko aireportua eta Leioako campusa. Era berean, udal bakoitzeko udaltzainek egingo duten lanaz aparte, irteeran, helmugan eta ibilbidean zehar 100 bat boluntario bere laguntza eskainiko dutela nabarmendu du Tipi Tapako antolakuntzak.

Izena emateko rovdepor@lg.ehu.es idatzi edo 946 015 894 eta 946 013 162 telefonoetara deitu daiteke biharko 16:30ak arte. Parte hartzea doakoa da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun