Bidezabalen arrapala mekanikoak jartzeko lanak hasi dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mai. 4a, 22:57

Bidezabal kalean arrapala mekanikoak jartzeko lanak hasi dira dagoeneko. Iñaki Zarraoa Getxoko alkateak adierazi duenez, lehenengo zatian, hau da, Benantzioko bigarren errotondatik Urkiola kaleraino, Getxoko Udalak hasiera batean onartutako proiektuak baliteke aldaketa batzuk jasatea, "inguruan, aparkatzeko toki batzuk mantendu ahal izateko". “Arrapala ezkerreko aldetik joatea zegoen aurreikusita (irudiko muntaian ikusi daitekeen bezala). Hor autoak ilaran egoten dira aparkatuta. Orain, berriz, espaloiko bestaldeko berdegunean ipintzea aztertzen ari gara, aipatutako aparkalekuak mantendu ahal izateko”, zehaztu du gaur goizean Zarraoak. Lanak uda amaierarako bukatuta egotea espero dute. Horretaz gain, Villamonteko arrapala mekanikoak eraikitzeko proiektua 35.700 eurotan esleitu du Tokiko Gobernu Batzarrak.

Villamonte aldeko lanak ziur aski datorren urtean hasiko dira eta Algortako gune horretako irisgarritasun arazoei eman beharko diote irtenbidea. Udal Zerbitzu teknikoek egin duten proposamenak honako bi zati hauek hartzen ditu: Villamonte plazatik dendetako sabaietaraino (bertan eskailera mekanikoak ipiniko lirateke) eta bestetik, hortik Telletxe plazaraino. Arrapala mekanikoak ipiniko lituzkete azken zati horretan.

“Lehen zatiak duen aldapa handia izanik, gurpildun aulkian doazen lagunek eskailera mekanikoak erabiltzeko arazoak izango lituzkete. Hortaz, bertan igogailu bat ere jarzea pentsatzen ari gara. Hala ere, enpresa esleipendunak proiekturako proposatzen dituen irtenbideak ikusi arte itxaron beharko da”, Zarraoak adierazi duenez. Etorkizunean, Faduratik Villamontera eta, ondoren, Aiboatik metro geltokira eta hortik udaletxeko ingurura ere arrapala mekanikoak jartzea aurreikusita dago.

Gaiaren inguruko berriak:

Bidezabal kaleko arrapala mekanikoak uda ostean egon daitezke martxan (2004 Abe 22)

Bidean Bidezabal kalean eskailera mekaniak jartzeko proiektua (2004 Mai 04)

Urtearen amaierarako egon litezke Bidezabaleko arrapala mekanikoak (2004 Mar 01)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun