"Errenta aitorpena euskaraz egitea, nork bere buruarekin hartu duen konpromisoarekin bat etortzeaz gain, administrazioari herriaren nahia jakinarazteko bide bat ere bada", esan du Xabier Mendigurenek. "Erakundeek eta banketxeek herritarrok administrazio-izapideak euskaraz egin nahi ditugula adierazteko modu bat da".
Errenta aitorpenaren kanpaina hasita, Kontseiluak norbanakoek eta instituzioek euskara erabiltzeko deia zabaltzeko unea aprobetxatu nahi du. "Instituzioek euskaraz egitea bultzatu eta horretarako bidea erraztu behar dute", animatu ditu Iñaki Lasak.
Instituzioen konpromisoa ere bermatu nahian, Ildo Politikoko arduradunak Euskal Autonomi Erkidegoko eta Nafarroako udalen, Foru Aldundien eta Administrazioaren laguntza ezinbestekoa dela gogorarazi du. "Euskaraz egiteko aukera eskaini ez ezik, zerbitzu osoa eman behar dute hizkuntza horretan".
Izan ere, administrazioak errenta aitorpena euskaraz egiteko aukerarik eman ezean, hizkuntza-eskubideen berri emateko tresna gisa Hizkuntz Eskubideen Behatokiko 'euskararen telefonoa', dagoela azaldu dute Kontseiluko arduradunek. Hau da 'euskararen telefonoaren' zenbakia: 902 194 332. "Benetan gustatuko litzaiguke inork telefono hori erabili beharrik ez izatea", esan du bukatzeko Xabier Mendigurenek.