Sahararen aldeko elkartea sortu dute Ander Deunako ikasleek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mai. 5a, 21:51

2004ko abenduaren 3tik 9ra bitartean, elkartasun ikasketa bidaia egin zuten Tinduf-eko (Aljeria) saharar errefuxiatuen kanpamentuetara Ander Deuna ikastolako Batxilergo lehenengo mailako ikasleek. Besteak beste, urtean zehar batutako material informatikoa eraman zuten bertara. Oraingoan, Sahararen aldeko elkartea sortzea erabaki dute neska-mutilek, Sopelako Udalaren laguntzaz. Horren bidez, Uribe Kostako Mankomunitatean saharar herriari ematen zaizkion laguntza guztiak bateratzea da helburua. Bide horretan, instituzioen babesa jasotzea espero dute elkarteko kideek, euren egitasmoa aurrera eraman ahal izateko. Sopelako eta Gorlizko udalek ekimenean parte hartzeko asmoa iragarri dute jada, adierazi dutenez. Hain zuzen ere, Sopelako udaletxeko hallean egingo da, ostiral honetan, "Nuyum" ("izarrak" da hitz horren esanahia) izena duen elkartearen aurkezpena, 19:00etatik aurrera.

"Oporrak Bakean" egitasmoaren bitartez, uztailaren 3a eta irailaren 3a bitartean, Aljeriako errefuxiatuen kanpalekuetan dauden 7 eta 12 urte arteko 460 bat saharar ume hartuko ditu EAEk. Neska-mutil horien elikadura eta osasun-zaintza hobetzea da helburua eta, bide batez, beste kultura ereduak ezagutu ditzaten. Hain zuzen ere, horren harira antolatuko ditu lehendabiziko ekimenak Nuyum elkarteak. Euren laguntza jaso nahi duten udalerrietan (egun Sopelan eta Gorlizen), hainbat jarduera egingo dituzte (txangoak, kirola...) udan gurera etortzen diren ume sahararrei bideratuak. Begirale bat ere hartuko dute neska-mutikoekin etengabe egoteko.

Haurrei eta familiei begira

Ekintza hauetan parte hartzea borondatezkoa izango da. Hortaz, nahi ez duten familiek ez dute zertan jardueretan egon behar izango. Elkarteko kide batek adierazi duenez, "neska-mutiko horien aisialdirako alternatibak bilatzea da helburua, Euskal Herria bera eta gure kultura, kirolak, herriak eta paisaiak hobeto ezagutu ditzaten. Baita elkarrekin egoteko aukera izan dezaten ere". Halaber, haurrak euren etxeeran hartuko dituzten familiei ere laguntza eman nahi diete, "beste familiekin esperientziak elkartrukatzeko tartea izan eta, zalantzarik izatekotan, elkartera jo dezatela".

Gaiaren inguruko berriak:

Udan saharar umeak hartzeko kanpaina abian dago Getxon (2005 Api 21)

Gorlizen ere hartuko dituzte udan saharar umeak (2005 Ots 12)

Sopelan ere 'Oporrak Bakean 2005' kanpaina prestatzen hasi dira (2005 Ots 08)

Udan saharar umeak etxean hartzeko izen ematea zabalik dago Berangon (2005 Ots 07)

Saharara ordenagailuak eramango dituzte Ander Deunako ikasleek (2004 Aza 23)

Ander Deuna Ikastolak Saharako umeen bisita izango du bihar (2004 Uzt 27)

Ander Deuna ikastolako gazteek dirua bilduko dute Saharara bidaia egiteko (2004 Eka 10)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun