Bihar egingo diote ongi etorria Aiboa Casaresi

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mai. 5a, 16:28

Bihar, ostirala, iluntzeko 20:00etan egingo diote ongi etorri ofiziala Jarrai, Haika eta Segiren inguruko 18/01 sumarioagatik 3 urte preso eman dituen Aiboa Casares Segiko kideari. Ekitaldia Astrabuduako Josu Murueta plazan egingo da eta ondoren herri afaria izango da Ignacio Aldekoa ikastetxean. Afarirako izena Astrabudua, Erandio eta Itzubaltzeta / Erromoko herriko tabernetan eman daiteke aurretik. Ekitaldiko antolatzaileek esan dutenez, Udalari ongi etorriaren berri eman badiote ere "zinegotziren bat maila pertsonalean" baino ez dela agertuko uste dute. Iragan den otsailaren bukaeran Mikel Arieta-Araunabeña Erandioko alkatea eta EAJ eta EA alderdien zinegotziek Jon Bilbao Moro preso astrabuduarraren etxeratzea eskatu zuten agiri baten bitartez, Bilbao "aparteko ankerkeria" pairatu duela salatuz. Gainera, Aiboa Casares, Mila Etxebarria eta Lurdes Cerratori buruzko "gure interesa handituko dugu, Erandioko hiritarrak diren neurrian" adierazi zuten EA eta EAJkoek sinatutako testuan.

Aiboa Casares 2002ko martxoaren 8ko ordu txikietan atxilotu zuten, Segiren kontrako operazioaren barruan. Casares Areetan zegoen, bere mutil lagunaren etxean, atxilotua izan zenean. Gau hartan hamabi lagun atxilotu zituen Espainiako Poliziak, Baltasar Garzon epailearen aginduz. Garzonek atxilotuei "Jarrai-Haika-Segi" erakundeko "arduradun nagusiak" izatea eta kale borroka koordinatzea leporatu zien, "ETA-Ekin" azpiegituraren barruan kokatuz.

Epaiketa

2005eko otsailaren 7an hasi zen 42 gazteren aurkako epaiketa, hasieran Casaresentzat 14 urte eskatzen zituela Fiskaltzak. Gazte astrabuduarrak beste hainbat auziperatuk bezala hizkuntz eskubideen berma barik deklaratu behar izan zuen itzulpengintzako etengabeko arazoak zirela medio. Gazteen defentsak proba guztiak ukatu zituen, bere ustez, prozedura akatsak zituztelako, anakronikoak zirelako edota ezer ez zutelako probatzen. Terrorismoaren Biktimen Elkarteak eta Enrique Molina fiskalak talde armatuko kidetzaren esanahi penala "zabaltzea" eskatu zieten Guevara eta bestelako epaileei gazteak kondenatu ahal izateko, eta gazte askoren eskaerak, tartean Aiboa Casaresena, murriztu zituzten 10 urtetara.

Epaiketa iraun bitartean hainbat ekitaldi eta mobilizazio egin dira eskualdean. Besteak beste, manifestazio, kanpaldi, hitzaldi, kontzentrazio, eta itxialdiak burutu dira Astrabudua, Areeta, Neguri, Leioa, Algorta edota Leioako campusean. Interneten jarritako atxikimendu zerrendan ere nabarmena izan da Uribe Kostako eragile eta hiritarren presentzia.

Bat-bateko askatasuna

Apirilaren 27an bukatu zen epaiketa eta defentsako eskaerak aintzat hartuta gazte guztiei epaia erabaki arteko askatasuna eman zieten epaileek. Beste auzi bat dela-eta Aiora Epelde eta Harkaitz Rodriguez donostiarrak jarraitu dute espetxean, baina beste auziperatu guztiek, espetxera bueltatu, gauzak hartu eta etxerako bidea hartu zuten egun horretan bertan, Navalcarneron zeuden bi kide izan ezik, hurrengo egunean askatu zituztela.

Gaztelako Boceguillas herrian askatasuna ospatu ostean etxerainoko bidaiari ekin zion Aiboa Casaresek, lagun eta senideekin. Goizeko 2:30ak aldera heldu ziren Arrigorriagara, non 50 lagun itxaroten zeukaten. Hortik Astrabuduara abiatu ziren auto-ilaran.

Astrabudua osoa zeharkatu eta gero bertako herriko tabernan lehenengo harrera egin zioten Aiboa Casaresi. Casaresek bere argazkia kendu zuen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun