Orain dela bost urte sortu zen Getxoarte, Arte Sortu Berrien Aretoa, "arte proposamenik gazteenen erakusleiho bilakatzeko eta, era berean sortzaile berriek euren lana ezagutzera emateko asmoz", Getxoko Kultur Etxeko arduradunek jakinarazi dutenez. Gainera, bere lanetan interesa duten pertsonekin zuzeneko harremana izateko aukera dute Getxoarten artista gazteek, ikusleekin zein sektoreko profesionalekin. Horrela, modu natural eta profesionalean eta inolako oztoporik gabe, beren lanak gustuko duten ikusleekin hitz egin dezakete zuzenean parte hartzaileek.
Ikuspegi oparoa
Hiru egunez, orain arte ezezagun izan diren baina etorkizun oparoa duten artisten lanen erakustoki erraldoia izango da Areetako Xake plaza. Erakusketak oso genero ezberdinak hartzen ditu: pintura, eskultura, argazkia, bideoa, marrazkia eta grabatuez gain, estetika erlazionaleko lanak, ekintzak eta performance-ak egongo dira ikusgai. Horrela, ekitaldi horretara doazen bisitariek ikuspegi oparoa izango dute begien aurrean.
Getxoarten aukera artistiko guztiak sartzen dira, norbanakoen egitasmoetatik hasita taldeko proiektuetaraino. Gainera, euskal arte produkzio garaikidearen orainaren eta etorkizunaren irudi bizia da. Aurtengo partaide gehienek Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatean ikasten dute. Izan ere, Getxoartek lankidetza estua dauka fakultate horrekin.
Euskal Herriko arte plastiko eta bisualen sorkuntza berria bultzatzeko eta sustatzeko asmoa du Getxoartek. Gauzak horrela, 51 artista gaztek parte hartuko dute aurtengo jardunaldietan. Arte Sortu Berrien Aretoa maiatzaren 20tik 22ra egongo da ikusgai Areetako Xake plazan jarritako karpan. Bertan, oso lan ezberdinak izango dituzte eskura bisitariek: pinturak, argazkiak, marrazkiak, grabatuak eta ikus-entzunezkoak, besteak beste. Ordutegia honako hau izango da: 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:30etara, sarrera 2 euroko prezioa duela.