Beste auzi batengatik Navalcarnero espetxean bi urte t'erdi egin ondoren, apirilaren 14an eman zioten behin behineko askatasuna gazte algortarrari, baina gaur ez da ahozko bistan azaldu eta hortaz, epaileak, bihar arte atzeratzea erabaki du. Horrez gain, Juan Moral Auzitegi Nazionaleko fiskalak Goikoetxea bilatzeko eta atxilotzeko agindua ematea eskatu du, defentsak, berriz, berriro deitzeko eskatu dio epaileari, balitekeelako Auzitegira aurkezteko arazoren bat izatea. Zain egon ondoren, epaileak gaztea bilatu eta atxilotzeko agindua eman du eta datozen egunetan beraren kontrako euroagindua ere emango du.
31 urteko kartzela-zigorra
Arkaitz Goikoetxea algortarrarekin batera, Egoitz Coto (Barakaldo), Bittor Franco (Barakaldo), Zigor Blanco (Trapagan), Sebas Gurtubai (Bilbo), Aitor Urtasun (Santurtzi) eta Ander Arrillaga (Portugalete) gazteak daude auziperatuak. Hain zuzen ere, 2001eko abuztuaren 5ean Portugaleten izan ziren kale istiluetan, kalez jantzitako ertzainen auto baten kontra koktelak botatzea leporatzen diete Goikoetxeari eta beste sei gazte bizkaitarrei. Apirilaren 7an hastekoa zen epaiketa, baina bertan behera gelditu zen egun bat lehenago, Haika-Segi auzia egiten ari zen aretoan egin behar zelako. 2004ko abenduan ere atzeratu egin zen. Fiskalak 31 urteko espetxe zigorra eskatzen dio bakoitzari.
Epaiketa hil honen 13an bukatuko da. Gurasoak elkarteak elkarteratzea egin du gaur Bilbon, epaiketa hauek gazteria kriminalizatzea baino es dutela bilatzen salatzeko. 40 bat lagun, "Gazte kriminalizatuak, epaiketa politikoak" zioen pankartaren atzean bildu dira ordu betez propesta egiteko.
Gaiaren inguruko berriak:
Arkaitz Goikoetxea berriro epaituko dute aste honetan (2005 Mai 03)