Maiatzean ume jolasen gaineko ikastaroa egingo dute larunbatero Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mai. 6a, 20:43

Leioako Euskara Zerbitzuak antolatuta, 12 ordutako ume jolasen inguruko ikastaroa egingo da Kultur Leioan maiatzaren 7, 14, 21 eta 28an, 9:00etatik 12:00etara, irakasle, guraso, begirale eta interesa daukan orori zuzenduta, euskaldun zahar zein berri izanda. Gure plazetan eta ikastetxeetan nabaritzen den betiko jolasei buruzko ezjakintasuna asetzeaz gain, jolasekin lotuta eta galtzear dagoen lexikoa berreskuratzea da helburua. Horrela, jolas egitearen garrantzia abiapuntutzat hartuta, gure betiko jolasak, gure seme-alabek ezagutzen ez dituztenak, berreskuratzeko beharra izango da ikastaroaren ardatza. Jolasak aletu eta azaldu egingo dira, ikastaroa teoriko-praktiko honetan. Informazio gehiagorako 946 072 576 (Josu Esnaola) telefono zenbakira deitzea edo euskarazerbitzua@leioa.net e-postara jotzea besterik ez dago.

Edukiei dagokionez honako hauek jorratuko dira:

- Jolasean hasi baino lehenagokoak. Zotz egiteko formulak.
- Betiko jolasen gordailua: Aldaika, altzaketan, txilin portaka, antzera lumaka, busti ala lehorka, txilin-txilin bonba, soka saltoka egiteko kantak...
- Jolasen ingurukoak: kantak, esaerak...
- Jolasen hiztegia.

Ikasleek duten ezagutza izango da ikastaroaren oinarria, Leioako Euskara Zerbitzutik jakinarazi dutenez. Hortik hasita, ezagutzen ez dituzten jolasen berri, edo ahaztuta dituzten jolasen berri eskainiko zaie. Ikastaro amaieran hausnarketa egitea eskatuko zaie ikasi dutena ikus dezaten. Ikasmaterialari begira, Bibliografia zabala erabiliko da. Dena dela, herriak duen ezagutza izango da abiapuntua.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun