Ehunka auzokidek ongi etorria eman diote Aiboa Casaresi

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mai. 7a, 20:58

Astrabuduako eta eskualdeko ehunka lagunek Aiboa Casares Segiko kideari ongi etorri ekitaldia egin zioten atzo, Astrabuduako Josu Murueta plazan. Ekitaldian gogoratu bezala “hiru urtetik gora espetxeratuta eduki dute” Casares eta atzo “geure artean nahi dogula” esan nahi izan zioten. Aiboaren bitartez ere, “preso eta iheslari guztiei besarkada bero bana eta txalo zaparrada bidali” zizkieten, “bereziki Mila, Lurdes eta Jon erandioztarrei”. Ekitaldian, Segiko kide batek, Astrabuduako ezker abertzaleko bi ordezkarik eta Aiboa Casares berak hitz egin zuten. Gainera, Brievako espetxeko euskal preso politikoen gutuna irakurri zen. Ongi etorriaren ostean, 300 bat pertsonako manifestazioa burutu zen herrian zehar. Ospakizuna herri afariarekin amaitu zen.

Ehunka pertsona bilduta eta ume mordo oholtzaren ondoan bere jolasetan murgilduta zeudela hasi zen ongi etorriko ekitaldia. Oholtzan EPPKko anagramaren ondoan “Zuen borrokan, gure garaipena. Aiboa ongi etorri” irakur zitekeen. Trikitixa, pandero eta txalapartaren doinuek bidea ireki zioten aurkezpen txiki bati eta preso erandioztarren argazkiak eta Aiboa Casares taularatzeari.

Dantzariek aurreskuan aritu bitartean lore eskaintza egin zioten Aiboa Casaresi. Aurkezleak Casares preso egon izanaren arrazoia ekarri zuen gogora: “Aiboa eta beste 41 gazte 18/98 sumarioaren lehenengo atalean epaitu dituzte Madrilen eta emongo daben sententziaren mehatxupean bizi dira. Gero bide beretik joango dira beste ehunka euskaldun”. Horren harira eta batzuen harridurarako Haika eta Segi sumarioko auziperatuei “talde armatuko kide izatea leporatzen deutse” eta horrekin ados zegoela esan zuen aurkezleak: “bai, elastiko gorridun gazteak talde armatua osatzen dute, arrazoiz, ilusioz, sentimenduz, energiaz eta Euskal Herria aske eta solidarioa eraikitzeko gogoz armatutako taldea. Baina talde baten partaideak izan baino gehiago herria izaten jarraitu nahi duen herri baten partaideak dira, Euskal Herriko partaideak”. Eta delitu horrekin bat egiten zuela onartu ostean Segiko kide bati eman zion hitza.

Segi

Segi gazte erakundeko ordezkariak “PPk hasitako politika errepresibo-suntsitzailea” PSOE jarraitzen ari dela azpimarratu zuen eta ukatu zuen PSOEk auziperatuak askatu izana, eta “aspalditik ezagutzen ez genuen atxiloketa, tortura eta militarizaziorik handienaren” erantzulea izatea leporatu zion Espainiako alderdi sozialistari. Egoera horretan, gazte batzuen absoluzioa eta gehienen askatasuna kalean egindako “presio eta borrokari” esker lortu direla esan zuen Segiko eledunak.

Ondoren, Aiboaren ongi etorria gazteriaren aurkako errepresio-aldi batean kokatu zuen, non “muntaia polizialean oinarritutako” Arkaitz Goikoetxea eta beste sei bizkaitarren kontrako epaiketa; hedabideek sustatzen duten gazteen “kriminalizazioa”; EAJk atxiloketak, torturak eta mehatxuak “egiten uztea”; gaztetxeen utzarazteak; isunak; Frantziar Estatua “hitzetatik ekintzetara” pasatu izana eta hainbat euroagindu betetzea eta abar horren isla dira. Hori guztiori kontuan hartuta datorren maiatzaren 21ean Donostian egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin zuen Segiko eledunak. Azkenik, Aiboaren eta hainbat gazteren konpromisoa goraipatu zuen.

”Sorginen” gutuna

Bertso batzuk entzun ostean Brievako euskal preso politikoek “Brievako modulu gorritik” bidalitako gutuna irakurri zioten Aiboa Casaresi. Casaresek presondegitako denbora handi bat Brievan igaro zuen, nahiz eta Alcala eta Soto del Real ere ezagutu. Testu umoretsu baten bidez Brievako “16 sorgintsuek” sakabanaketaren bukaera, eskubide politiko eta zibilak eta presoen askatasuna aldarrikatu zituzten, Aiboa Casaresi animoak emateaz gain. Besteak beste, “mus taldea guztiz dispertsatuta” egoteaz kexatu eta “zu (Casares) gure bila noiz etorri zain” daudela idatzi zioten Casaresi.

Ezker abertzalea

Txalapartako soinua entzun eta gero, Astrabuduako ezker abertzaleko bi ordezkarik orain dela 30 urteko egoera ekarri zuten gogora: “orain bezala ilegalizatuta zegoen ezker abertzalea”. Abertzaleek bakea eta konponbideak bilatzen dituzten bitartean Espainiako eta Frantziar estatuek errepresioari ekin diotela gaineratu zuten. Zentsu horretan euskalgintza, Udalbiltza, Herriko Tabernak, “Egin”, Zumalabe, gazte erakundeak, amnistiaren aldeko mugimenduak, alderdi eta hautes-elkarte ilegalizatuak zerrendatu zituzten.

Era berean, ezker abertzaleak irtenbide politiko baten bila “tinko” jarraitzen eta hori jendarteratu duela esan zuten. Horregatik, beren ustez, gaur egun “guztiak daude elkarrizketa eta negoziazioaren alde”. Ezker abertzaleko kideek presoak eta errefuxiatuak Euskal Herriratzea eta zazpiak bat leloa aurrera eramatea herritarren eskuetan dagoela esanez bukatu zuten.

Horien ostean, Aiboa Casaresen txanda izan zen. Diskurtso labur baten bidez bi mezu nagusi bidali zituen Casaresek, gatazka politikoa gainditzea guztiek lan eginez gero posible dela eta hori lortzeko bidean euskal presoak “hemen behar ditugula”. Eusko gudariak abestu ondoren trikitixaz girotutako manifestazioari ekin zioten 300 bat pertsonak. Ertzaintzako kideak PSE-EEko egoitza zaintzen egon ziren manifestazioa bertatik pasatzean. Ongi etorria Aldekoa eskolan bukatu zen. Bertan, herri afaria ospatu zuten eta Aiboa Casaresi hainbat opari egin zioten.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun