Bizkaiko Foru Aldundiko Administrazio Publikoko diputatu Iñaki Hidalgok aurtengo eskaintza bizkaitarraren xedea azaldu du gaurko agerraldian: "Sektore honetan lan egiten dugun jende guztia ordezkatua gaude azokan, pabiloi bakarrean. Bizkaian zehar pasio bat ematea, eskaintza osoa, turismo eta kirol ekintza guztiak pabilioi bakarrean biltzea da helburua". Hori lortzeko egindako ahalegina "beldurgarria" izan dela gaineratu du. Halaber, azokaren lehentasuna zein den azaldu du diputatuak: "Lehentasuna bizkaitarroi ematea da, gure gauzarik onenak eta erakargarrienak ezagutu ditzagun eta geure produktuen kontsumitzaile nagusiak izan gaitezen". "Expovacaciones 2005" azokak irauten duen 4 egunetan hainbat ekitaldi eta jarduera izango dira, katak eta dastatzeak, dantzak, abesbatzak, animazioa, lehiaketak, zozketak eta erakusketak antolatu dituzte.
Parte hartzaileak ondokoak izango dira: Aena-Bilboko Aireportua, Athletic Club, Best (Geugaz Jan, Eusko Label, Solan de Cabras, Cafés Baqué, Gremio de Pastelería de Bizkaia, Ardoaren Hirien Sarea, Electrolux), Bilbao Air, Bilbao Basket, Bilbao Kulturaren Zita, Bizkaiko Jauregiak, Bilbao Metropoli 30, Bilbao Urban Circuit, Bizkaia Zubia, Bizkaiko Museoak, Busturialdea Urdaibai, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa, Urkiola Durangaldea, Euskal Kostaldea Bizkaia, Enkartur (Enkarterri turismoa), Gorbeialdea, Inguralde Erakunde Autonomoa (Barakaldoko Udala), Karpin Aventura, Lea Artibai, Minervion (Santurtzi, Barakaldo, Erandio, Trapaga), Ocean World, Bilboko Portua eta Torre Loizaga.
Gero eta turista gehiago
Bestalde, diputatuak jakitera eman duen Bizkaiko Turismoaren Urteko Txostenaren arabera, 1994an % 21,7 turista etorri ziren atzerritik eta iaz % 30,9. Halaber, 739.685 bisitari izan zituen aurreko urtean, 2003 baino % 18,5 gehiago. Datu horiek kontutan hartuz, turismoaren balorazio baikorra egin zuen diputatuak: "Turismoan urtero eman den hazkunde horrek balorazio positiboa merezi du. Aurten ere, ziurrenik, iaz baino turista gehiago etortzea aurreikusten dugu dauden ekitaldi desberdinak kontutan hartuz".