Kartel zurien kanpainaren esanahia kontrainformazioarekin lotu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mai. 10a, 21:33

Azken asteotan, Leioa, Itzubaltzeta / Erromo eta Algortako auzokideek kanpaina bitxi zein ikusgarri baten lekuko izateko parada eduki dute. Herri horietan kartel zuriak agertu ziren, banaka zein multzoka, egunero eta etengabe. Aste bi beranduago "Aukeratu nahiago duzun gezurra" edo "Gezurtien artean zuk duzu erabakia! Beraientzat hau gara" leloko kartelak hartu zituzten herrietako hormak, gezien bidez beste kartel zuriak edo kartel puskak seinalatzen zituztela. Atzo, berriz, kanpaina horri zentzua ematen dion kartela hedatu da hainbat paretatan, Ezkerraldeko eta Eskumaldeko Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Koordinadorak sinatuta. Gazte erakundeak larunbat honetan Algortan burutuko diren kontrainformazioari buruzko ekitaldietara hurbiltzeko gonbitea egin du.

Koordinadoraren aburuz karteletako "gezurtiak" hedabide asko dira, hurrenez hurren, afixetan agertzen diren ABC, Antena 3, "Berria", Canal +, Canal Bizkaia, Canal Sur, CNN irratia, "Deia", EITB, "El Correo Español", "El Mundo", "El Pais", "Gara", "La Razon", Onda Cero, Radio 7, Radio Euskadi, Radio Nervion, RNE, Ser irrati katea, Telebilbao, Telecinco eta TVE.

"Komunikabideek ez zaitzatela engainatu" aholkupean, egitarau zabala antolatu du gazte erakundeak maiatzaren 14rako, Algortako "Txiki Otaegi" (San Nikolas) plazan:

10:00etatik 14:00etara, tailerrak, Ezkerraldeko eta Uribe Kostako gaztetxeek antolatuta.

14:30ean, Bertso-bazkari herrikoia.

17:00etan, kontrainformazioari buruzko mahai-ingurua, hainbat komunikabideren parte hartzearekin.

Harremanetarako:

Algorta: Algortako Gazte Asanblada: sastrakagaztetxea@hotmail.com
Itzubaltzeta / Erromo: Itzubaltzeta gaztetxea: erromokogaztetxea@euskalerria.org
Leioa: Udondo gaztetxea: udondogaztetxea@sindominio.net
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun