Topaguneko Gazte Sailak neska-mutilen aisialdi eta beharrizanei erantzuteko garatzen duen asteburuetan.com egitasmoko jardueretako bat da Euskal Herriko Graffiti Lehiaketaren 2. edizioa. Ekimena Eusko Jaurlaritzak zein Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatzen duen Gazte Planarekin bat dator, hurrenez hurren, Oro Ochoa de Eribe eta Jon Iñaki Zarraga aipatu erakundeetako Gazte Arlo arduradunek gaurko aurkezpenean aipatu dutenez. Imanol Landa zinegotziak, berriz, berak zuzentzen duen Getxoko Udaleko Presidentzia Arloak hartzen dituen Gazteria eta Euskara sailen arteko elkarlana ere lehiaketa egiteko "berebizikoa" izan dela nabarmendu du, Iñaki Zarraoa alkateak esandakoa zehaztuz. Izan ere, "gazteria eta euskara guztiz lotuta daude" Landaren hitzetan. "Hizkuntzaren normalizazio bidean horiek dira oraina eta etorkizuna", zehaztu duenez.
Berrikuntzak
Iaz, lehenengoz, sormena sustatzeko lehiaketa hau deitu zenean izandako arrakasta ikusita erabaki zuten graffitiari jarraipena ematea, Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendariak adierazi duenez. Graffiti Lehiaketaren 1. edizioan, 90 gaztek parte hartu zuten. Guztira, 30 horma-irudi bozeto jaso ziren Mendaroko hormetan zeintzuk margotu erabakitzeko. Dena den, aurten bi berrikuntza nabarmen dakartza txapelketak. Alde batetik, igaz euskararen inguruko graffitiak baino egin ez zitezkeen bitartean, aurten librea izango da gaia, "sormenari mugarik ez jartzeko", Sonia Perezek azaldu duenez. Hori bai, testurik balego euskaraz joan beharko litzateke. Beste alde batetik, teknikaren eta koloreen erabilpen egokienei zein graffitirik original eta freskoenari emandako sariez gain, beste 1.200 euro emango zaizkio emakumeek margotutako horma-irudirik onenari, Getxoko Udalak eskatuta. Iaz sari nagusiaren irabazlea andrazkoa izan bazen ere, "emakumezkoen parte-hartzea sustatu nahi da".
Getxoko hormek historia luzea dute
Orain dela bost bat urte Getxoko Udalak Cespa garbiketa enpresari esleitu zion herriko kaleen txukuntze lanak, tartean, hormen garbiketa ere bai (kartelak eta guzti). Horren aurrean, hainbat elkarte eta kolektibok "zentzura ideologikoa" egitea leporatu zion Iñaki Zarraoa alkateari. Hainbat protestaldi burutu ostean Adierazpen Askatasunaren Alde plataformari arreta egin zion udal agintariak. Bere garaian, batzordeko kideek publiko egin zuten moduan, "alkateak muzin egin dio bere jarrera aldatzeari". Era berean, Getxoko Udala elkarteek eta kolektiboek mezuak plazaratzeko panel elektronikoak kaleetan jartzea aztertzen ari zela Zarraoak agindu ziela esan zuten AAAk, "baina ez dugu uste aurrera joko duenik". Bestalde, eta beti ere AAAko kide izandakoek UKBERRIri jakinarazitakoaren arabera, alkatearekin izandako batzarrean, Bidezabalgo metroan artea izan zitezkeen graffiti batzuk ezabatzea "sentitzen" zuela esan zien Zarraoak.