Larunbateko etxebizitza duinaren aldeko manifestazioan parte hartzeko deitu du Getxo Biziak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mai. 11a, 20:41

Larunbat honetan, maiatzaren 14an, Etxebizitza Guztiontzat Euskal Herriko Plataformak Bilbon antolatu duen manifestazioan parte hartzera deitzen du Getxo Bizia herri plataformak. Etxebizitza eskubidea da, baina eskubide gisa bermatua izan ordez, merkatu libre eta espekulazioaren menpe, jendartearen gehiengo zabalarentzat gero eta arazo larriagoa ari da bilakatzen. Getxoko errealitatea zirriborratzearren datu esanguratsuak plazara genitzake: Gaidegiak, Euskal Herriaren garapen sozio ekonomikorako behatokia, bere datu bilketan agertzen duen bezala, azken biztanle-zentsuan eta biztanleri estatistika publikotan oinarrituta, Aztiker aholkularitzak 3.464tan zehazten du 2001ean gure udalerrian hutsik zegoen etxebizitza kopurua.

- Urte hasieran plazaratutako txostenean Sociedad de Tasacion izenekoak etxebizitza berriaren prezioak Getxon 2004 urtean %17,9an egin duela gora baieztatzen du, bataz beste eraikitako metro karratua 2.723 eurotan dagoelarik eta Bilboko 2.556 euroen gainetik.

- Gure udalerrian beheko solairu eta sotoetan etxebizitzak egokitzeko baimenak ematen hasi zirenetik hona, hauen prezioak besteenekin parekatzen joan dira.

Zarraoak agindutakoa

- Duela 6 urte 1999ko hauteskunde kanpainan Iñaki Zarraoak hurrengo 4 urtetarako 500 etxebizitza sozial agindu zuenetik, etxebizitza sozial bat ere ez da egin Getxon, babes ofizialeko 32 etxebizitza bakarrik daude eginda eta jendea hartzen Etxezurin, eta babes ofizialeko 50 etxebizitza bakarrik egiten ari dira Ormetxen. Oraingo agintaldia bukatu aurretik Santa Anako beste 72 babes ofizialeko etxebizitzak bukatuta egon daitezke eta gainontzeko asmoak beranduagorako izango dira.

- Getxoko Udalak egin zuen babes ofizialeko etxebizitzen azken zozketan 14 bizitoki 1.850 familia artean zozketatu zituen.

- Babes ofizialeko etxebizitzen eskaintza urria izateaz gain, klase ertainentzako eskaintza publikoa ari da bihurtzen.
Etxebizitza eskubidea da eta goitik beherako aldaketa behar dugu etxebizitza politikan. Prezioak jeitsiarazteko merkatua nola edo hala arautu egin behar da, hutsik dauden etxebizitzak erabili daitezen politika fiskal eraginkorrak ezarri behar dira eta etxebizitza publikoen eskaintza alokairu sozialera bideratu behar da, prekarietatea pairatzen duten milaka herritarrek oinarrizko babesa izan dezaten.

Aldaketa hauek ez dira berez etorriko eta ezin aproposagoa deritzogu larunbateko manifestazioaren deitzaileek aukeratutako hurrengo leloari: "Giltza zure esku dago". 14an arratsaldeko 6:00etan Jesusen Bihotzeko plazan, Bilbon.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun