Administrazio guztiek urratu dituzte hizkuntza-eskubideak 2004an zehar

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mai. 11a, 21:07

Hizkuntza Eskubideen Behatokiak 2004 urteko txostena gaur aurkeztu du. Ondorio nagusi bezala, hizkuntza-eskubideak Euskal Herri osoan eta administrazio guztietan urratzen direla nabarmendu du Kontseiluko idazkari nagusiak, Xabier Mendigurenek. "2004an aurreko urteetakoa errepikatu da, honek egoeraren larritasuna agerian jartzen du". Aurkeztutakoa Behatokiaren urteko laugarren txostena da. "Lau urteko perspektibari esker, hizkuntza-eskubideak bermatzeko orduan aurrerakuntza errealik aplikatu ez dela ondorioztatu dugu", adierazi du Behatokiko zuzendariak, Paul Bilbaok.

Administrazio guztiek hizkuntza-eskubideak urratu dituzte Behatokiaren aburuz: frantziar eta espainiar estatuetakoek, Nafarroakoek eta EAEkoek. "Orokorrean, ez dago hizkuntza-eskubideak bermatzeko mekanismo eraginkorrik", ohartarazi du Behatokiko zuzendariak.

707 kasu

Txostenaren datuen arabera, estatuetako administrazioek beren jarrerari eutsi izan diote. "Espainiako eta Frantziako Estatuko Administrazioak sistematikoki urratzen ditu. Frantziakoak, gainera, transmisioari oztopoak jarri dio".

Nafarroako egoerari buruz, epaitegiak Behatokia sortu zenetik, 2004 urtean behin eta berriro adierazi duena berretsi egin duela gogoratu du Behatokiko zuzendariak. Hau da: "Euskararen Legeak ez dio nafarren gehiengoari hizkuntza-eskubiderik aitortzen".

Azkenik, EAEan eskubideen babeserako legeria betearazteko derrigortasunik ez egoteak urraketak betikotzen dituela aditzera eman du Paul Bilbaok. "Osasungintzan atzerapausoen zantzuak nabariak izan dira".

2004 urtean zehar Behatokiak 707 kasu bildu ditu. Horien artean, 636 kexa, 28 txalotze eta 19 kontsulta. Bestalde, Behatokiaren ekimenez bi auzitegiratze izan dira. Guztira, lau urte hauetan, Behatokiak 2.500 bat espediente bideratu ditu.

"Behatokiak burutzen duen txostena gero eta osoagoa da", goraipatu du Kontseiluko idazkari nagusiak. "Hasieratik azterketa egiteko erabili duen zorroztasunari eutsi dio".

Azterketa berriak txertatu zaizkiola azaldu du Xabier Mendigurenek. "Batetik, hizkuntza-eskubideen urraketen adibideak jaso ditu, komunitatea bere osotasunean kontuan harturik. Bestetik, hizkuntza-eskubideen urraketek eragindako beste eskubideen murrizketak esplizituki jaso dira".

'Euskararen telefonoa'

"Txostenak urtero egiten duen ekarpenari eutsi nahi dio. hizkuntza-eskubideen urraketen berri eman, administrazioek berriro horrelakorik ez gertatzeko neurriak har ditzaten", aditzera eman du Kontseiluko idazkari nagusiak.

Horretarako, herritarrek 'euskararen telefonoa' erabiltzen dute gehienbat: 902 194 332. "Ondorio horiek guztiek herritarren bizipenak dituzte oinarri, herritarrek bizi izan dituzten urraketak izan dira informazio iturri".

Txostena irakurtzeko:

Hizkuntz eskubideen egoera Euskal Herrian, 2004an (pdf) (5 Mb)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun