Gabezi ekonomikoak dituzten getxoztarrekin ekomezularitza zerbitzua jarriko du abian Gaztaroa elkarteak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mai. 12a, 19:35

Gaztaroa elkarteak, Getxoko Udalaren laguntzarekin, ekomezularitza zerbitzuetan enplegu eta trebakuntza programa abiatuko du. Erabiliko diren garraioak txirrindula eta motor elektrikoak izango dira. Egitasmoaren barruan lanbideratze enpresa sortzea kokatzen da, gaur egun Laguntzazko Errenta-Gutxieneko Gizarte Soldata jaso edo Gizarte Arloarekin gizarteratze hitzarmenak sinatuta dituzten hamar getxotar langabeturi lanpostu duina eskaintzeko asmoz. Argazkian, Iruñeko Oraintxe ekomezularitza enpresako langile bat.

Iñaki Zarraoa Getxoko alkateak gaur goizean emandako prentsaurrekoan azaldu duenez, ”Gaztaroak Udalari eskatu zion era honetako lan batentzat gerora dei litekeen lehiaketan gizarte klausulak ezartzeko aukera aurreikus genezan, hau da, lanbideratzeko zailtasun handiak dituzten pertsonentzako lanpostuak sortzeari babesa eman diezaiogun”.

Proiektuaren arabera, eta ekomezularitza zerbitzua behar diren baldintzetan emateko, parte hartzaileek hiru hilabeteko trebakuntza eta lan-jardun osoko sei hilabeteko kontratua izango dute. Egitasmoak 10 lagun hartuko ditu eta heziketa teoriko-praktikoa eskainiko die bakoitzari, lanbideratze plan pertsonalizatuak eginez. Landuko diren arloak honakoak dira: txirrindula eta moto elektrikoko tokiko mezularitza, furgoneta bidezko herrialdeko mezularitza, dei jasotze eta lanaren administrazioa, eta segurtasuna eta laneko osasuna.

Jardunaldi informatiboa

Proiektuak eskatzen dituen baldintza ekonomikoak betetzen dituztenek datorren maiatzaren 20ra arte eman ahal izango dute izena Algortako San Martin kaleko 17. atariko Behargintza zentroan (Tel.: 944 660 140). Gaztaroa elkarteak eta Getxoko Udalak egitasmoari buruzko jardunaldi informatiboa antolatu dute maiatzaren 17rako, goizeko 11:00etan, baina hurrengo egunetan ere kontsulta pertsonalizatuak egin ahal izango dira. Horretarako ordutegia honakoa da: maiatzaren 18, 19 eta 20an, 11:00etatik 13:00a arte.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun