Getxoko 59 kirol eta kultur elkartek 426.000 euro jasoko dute guztira

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mai. 13a, 12:07

Udalerriko 36 kirol eta 23 kultur elkarteren artean 426.126 euro (antzineko ia 71 miloi pezeta) banatzea onartu du Getxoko Udalak. Kirol taldeek 337.553 euro jasoko dituzte eta kultur arlokoek beste 88.573 euro. Iñaki Deunaren Txirrindulari Zirkuitoa edo Isidro Deunaren Pilota Txapelketa bezalako ekitaldi zehatz batzuen gastua kontuan hartu du tokiko erakundeak dirulaguntza horietan. Baina orokorrean, elkarteen urteroko jardueran laguntzeko emango dute dirua. “Dirulaguntza hauetan udalerrian egiten diren beste ekitaldi zehatz batzuk ez ditugu kontuan hartu, nahiz eta ondoren horietarako dirulaguntza izendatuko dugun”, Iñaki Zarraoa alkateak atzo argitu zuenez. Herritarrek edo enpresek antolatutako ekitaldiak ere ez dira kontutan hartzen, esatebaterako, orain jokatzen ari diren Hondartza Txapelketak zein kirol alorreko beste batzuk.

Dirulaguntzak iazkoen antzekoak dira, nahiz eta batzuk zertxobait handitu diren. Horien artean, emakumezkoentzako kirola bultzatzen duten klubak edota Punta Galea Txirrindulari Elkarteari eman beharrekoak daude, une honetan oso egoera zailean baitago aipatu taldea, lasterketa batean izandako istripu batek sortutako arazoen ondorioz. Murriztu diren dirulaguntzak oso gutxi izan dira (batzuetan superabitatan egon delako edo beste batzuetan taldeak duen jarduera murriztu delako) eta beste baten bat dirulaguntzarik gabe geratu da aurreko urtekoa ez justifikatzeagatik.

Arraunketari dagokionez, Algortako Arraun Taldeari eta Raspasi ematen zizkioten dirulaguntzak bertan behera utzi dituzte. “Udala Abrako Kirol Portua elkarteko kide da eta hemendik aurrera dirulaguntzak elkarte horrek emantea erabaki da, itsasoko kirola bultzatzeko. Hori dela eta, Iñaki Deunaren jaietan traineruen Getxoko Ikurriñari baino ez dio dirulaguntzarik emango Udalak”, zehaztu zuen Zarraoak.

Traineru bateratua

Abrako Kirol Portua elkarteak 12.497 euro emango dizkio Algortako Arraun Taldeari eta 8.123 euro Areetako Raspasi, iaz Udalak eman zizkien diru kopuruen antzekoak. Gainera, aipatutako elkarteak beste 13.780 euro ditu, aipatutako bi arraunketa taldeei emateko, bien artean traineru bakarra ateratzea adosten badute. Beraiek gestionatuko lukete, bi taldeak batu beharrik gabe. “Erantzuna baiezkoa izatea espero dugu. Batek onartuko ez balu, dirulaguntza osoa bestearentzat izango litzateke, baina Getxon traineru bakarra bultzatzeko baldintzarekin. Jende guztiari egongo litzatekeena zabalik” esan zuen Zarraoak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun