Zein da benetako kimera? - Antton Azkargorta / EHUtik kaleratutako irakaslea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mai. 13a, 12:21
Hile honen hasieran jakin ahal izan dugu Euskal Herriko Herri Kirolen Federazioak Nazioarteko Sokatira Federazioa (TWIF) abandonatzea erabaki duela. Arrazoia? Nazioarteko txapelketatan estatu baten (Espainia edo Frantzia) banderaren pean lehiatzera behartzen zutela. Halaber, norgehiagokak irauten zuen bitartean istilurik gertatuz gero (ikurrinaren bat agertzea, esaterako) euskal presidenteak dimititu egin beharko zuen.
Euskal Herriko Federazioak ez ditu baldintza iraingarriok onartu, eta nahitaezko kontratu antzeko horri muzin egin dio duintasun handia erakutsiz. Horraino —ohituta gaudelako edo, dena “logikoa”. Harritu nauena ordea, Gara egunkarian hile honen bostean “Ikusmira” delako atalean agertu zen iruzkina izan da. Itzulpenean inongo zentzu aldaketarik gerta ez dadin, bere horretan —gaztelaniaz— utzi dut hitzez hitz aipatuko dudan iruzkinaren zati hau: “Sin un previo reconocimiento político del hecho vasco, que se traduciría en la existencia de un estado propio, el reconocimiento de las selecciones nacionales vascas no deja de ser un bello objetivo, más cerca de la quimera que de la realidad”.

Harrigarria da jarrera hau Garan defenditzea, ezker abertzaleak betidanik intsumisio orokorra eta, baita ere, kirol mailakoa bultzatu dituenean. Nik dakidala beti txalotu izan ditu jarrera ausart eta arriskutsu hori hartu duten kirolari apurrak, eta ez du inoiz —orain arte— horiek ez apoiatzeko “estatu propiorik ez dugula” delako aitzakia erabili.

Ez da estatu propiorik behar euskal nazioa onartzeko

Nire aldetik, hauxe argi utzi nahiko nuke: ez da estatu propiorik behar euskal nazioa eta bere hainbat ezaugarri onartzeko. Gogoratu munduan badela estaturik gabeko federazio nazionalik: Ipar Irlanda, Eskozia, Gales… Gainera, legeetan adituek behin eta berriz adierazi dute Espainiako oraingo marko autonomikoan guztiz posiblea dela selekzio nazionalak onartzea; arazoa borondate politiko eza da eta ez, ezinbestez, estatu berri baten sorrera.

Edozelan ere, gure kirol selekzioak bermatuko lituzkeen estatu propioa behar beharrezkoa balitz ere, hori ez litzateke sekulan aitzakia izan behar euskal selekzioen erreibindikazioari laguntzarik ez emateko, ez eta gutxiesteko, ezen estaturik gabeko selekzioen onarpenaren bidean, intsumisioa funtsezko tresna baita, eta ezker abertzaleak beti ikusi du horrela. Nazio baten eraikuntza, hain zuzen ere, estatu egoeraren posizioa alde batera utzita, izaera nazionala oinarri izanik proiektuak bultzatuz egiten da. Askatasuna eskuratzeko, aske jokatu behar dugu une honetatik bertatik. Espainolek gure eskubideak onartuko dizkigutelako zain egotea, ezer erreklamatu gabe, hori bai benetako kimera.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun