Egun berean, arratsaldean, Euskadi irratian Josu Martinezek bere asteroko gaia aireratu zigun, eta bere esanetan hasiera batean paradisuan bizi izan ginen. Han gustura geundela, leku horrek eskainitako dohaiak (zilegiak eta debekatuak) larregi aprobetxatzeagatik, behin betiko zigor bat ezarri ziguten: Goizetik gauera atseden barik ibili beharko genuen bizitzeko ogia eta baliabideak eskuratzen. Eta hori dena sagar bategatik!. Hori izan da mendeetan zehar erlijio juduak, kristauak eta musulmanak zabaldu dutena. Ordutik aurrera egunerokotasunaren kateari lotuta bizi gara; aberats ala pobre, Aita Santu ala lapur, behargin ala ministro... denok daramagu kate bat arrastaka, batzuek astunagoa besteek arinagoa.
Nik ez dakit kontua zelan gertatuko zen, baina egia esan noizbait kate astun hori eramaten hasi ginen, eta harrezkeroztik urteko egun gehienetan egunerokotasun (ala egunerokokeria?) bati loturik bizi gara: Goiz altxatu, gosaldu, lanera abiatu, lanean jardun, bazkaldu, lanean segitu, etxera, egin gabe utzitako gauza horietaz arduratzea, afaldu eta lotara. Gainera eguna laua izango balitz, gaitzerdi!. Ibilbide horrek, ostera, baditu bere aldapak batzuetan gehiegizko makurdura dutenak. Alde batetik egia da ibilbide lauak aspergarriak direna, eta eguneko jarduera ere horrelakoa izanez gero aspertu egingo ginateke. Beraz beti eskertzen da aldapa gora edo behera joatea. Baina beste aldetik, a zelako aldapa gogorrak tokatzen zaizkigun egun batzuetan!.
bizitza arrosa handi baten moduan ikusi gura genuke
Eguneko ibilbidea arantzaz beterik dago, baina bizitza arrosa handi baten moduan ikusi gura genuke, arrosa bat kolore eta usain atseginak dituena, baina aldi berean inguruan arantzez josita dagoena. Sarritan, ordea, arantza gehiegi topatzen dugu eta arrosarik ba ote dagoen zalantzan jartzen dugu. Eskerrak egunetako ibilaldi horietan gure atsedenak ditugula, eta atseden horiek arrastaka daramagun katearen pisua arintzen digute: Ospakizunak, mendiko bueltak, bertso eta kantu saioak, athleticen partidu gogoangarri bat...
Sinestunek aintzinako paradisua sufrimendu bailara bihurtu zela diote, eta hori guztia sagar bategatik. Sufrimendu bailara horretan argiguneak ditugu, eta horien bila joateak ematen digu bizitzeko beharrezkoa dugun indarra. Alabaina, egunen batean ez ote dugu paradisura itzuliko gaituen beste sagar hori topatuko?. Sagar hori inon balego, nik probatu gura nuke!.