Xuxen euskarazko zuzentzaile ortografikoa sarean jarri dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mai. 13a, 13:10

Eleka Ingeniaritza Linguistikoak Xuxen euskarazko zuzentzaile ortografikoa jarri du sarean, Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako laguntzari esker. Euskaraz idatzitako testuetan akats ortografikoak modu eroso eta eraginkorrean bilatzea eta zuzentzea da tresnaren helburua. Sisteman, Euskaltzaindiaren azken arauak, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) erroldako izen-abizen erabilienak eta erabiltzaileengandik jasotako zuzenketak hartu dira kontuan. Euskarazko zuzentzaile hau www.xuxen.com helbidean eskura daiteke, eta ez du inongo kosturik erabiltzaileentzat.

Orain arte euskarazko Xuxen zuzentzaile ortografikoa ordenagailuetan instalatu behar zen erabili ahal izateko, baina orain, Eleka Ingeniaritza Linguistikoak, Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako laguntzari esker, zuzentzaile ortografiko hau sarean jarri du, www.xuxen.com webgunean. Zuzentzaile honek, akats ortografikoak nahiz tipografikoak hautematzeaz gain, baditu beste baliabide batzuk ere: guztira 8.860 izen arrunt berri eta 1.446 izen berezi sartu dira.

Eguneratze eta egokitze­lan guztiak egiterakoan, hauek hartu dira kontuan: Euskaltzaindiaren Hiztegi Batua osorik egiaztatu da eta 2004ko abendura bitartean onartutako arau guztiak ere aintzat hartu dira; EAEko erroldako izen-abizen erabilienak (500 baino maiztasun handiagoko abizenak eta 100 baino maiztasun handiagoko izenak); Egunkariaren corpuseko leku eta erakunde izenak; Elhuyarko Zientzia eta Teknika aldizkariaren Corpusa; erabiltzaileengandik jasotako zuzenketak; Elhuyar Fundaziotik jaso diren zuzenketak.

Bi zuzenketa mota

Bi zuzenketa-mota eskaintzen ditu Xuxen sistemak: Zuzendu eta Zuzenketa Aurreratua. Zuzendu aukeraren bidez, zuzenketa azkarra egiten da, hau da, testua aztertu ondoren Xuxenek ezagutzen ez dituen hitz guztiak nabarmenduko ditu eta ezezagunak zaizkion hitzen gainean proposamen­zerrenda bat erakutsiko du; Zuzenketa Aurreratuan, berriz, hitzez hitzeko zuzenketa egiten da.

Bestalde, erabiltzailea erregistratuz gero, hiztegi pertsonala kudeatzeko aukera izango du. Hala, zuzentzen ari den bitartean, erabiltzaile erregistratuak bere hiztegia osatzen joateko aukera izango du eta hurrengo zuzenketetan bere hiztegian dauden hitzak aintzat hartuko ditu. www.xuxen.com webgunean irakur daitezke Xuxeni buruz argitaratzen diren artikuluak, eta handik jaitsi daitezke Xuxen aplikazioaren bertsio guztiak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun