Txosnagunearen tokia zein izango den oraindik ez da ziurra

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mai. 13a, 21:41

Leioako Txosna Batzordea dagoeneko hilabeteak daramatza 2005eko Leioako Jaietako hainbat ekitaldi prestatzen, urtero legez, leioztarrok eta inguruko herritarrok inoiz baino hobeto goza dezagun, adin guztiontzako jai parte hartzaile, euskaldun, ez sexista eta anitzetan. Horretarako, herriko elkarteekin, gazte peñekin eta Udalarekin harremanetan dago. Bestalde, txosnagunearen tokia aurten zein izango den oraindik ez dago finkatuta.

Leioako jairik onenak egiten laguntzeko, Leioako Txosna Batzordea harremanetan jartzen ari da Leioako elkarte guztiekin, jaietan parte hartze zabala izan dezaten eta talde bakoitzari jaietan zer motako proiekzioa eman dakiokeen eta elkarrekin zer sinergietara heldu daitekeen aztertzeko. Helburua kolore eta gai anitzez Leioako jaiak hobetu, sustatu eta indartzea da, era berean, ludikotasunez Leioako gizartegintzako harremanak estutzen laguntzen dela. Dagoeneko, gutuna bidali zaie elkarte guztiei eta lehenengo bilerak burutzen hasi da Leioako Txosna Batzordea. Gazte peñekin ere harremanetan dago Leioako Txosna Batzordea.

Ildo beretik, jaietan eragile garrantzitsua den Leioako Udaleko Kultur Arloko teknikariekin hainbat bilera burutu du Leioako Txosna Batzordeak, jaiak ahalik eta hoberen irten daitezen.

Txosnagunean etxebizitzak egitekoak dira

Orain arteko elkarrizketetan arazo baten inguruan aritu dira elkarrekin Leioako Udala eta Leioako Txosna Batzordea. Izan ere, azken urteotan txosnagunea jarri den tokian etxebizitzak egitekoa da etxegintzako enpresa bat, horretarako lanak maiatzaren 15a baino lehen hasi behar dituela. Bai Leioako Udaleko Kultur Arloa, bai Leioako Txosna Batzordea lanen hasiera atzeratuko direlakoan daude, baina ez daukate horren ziurtasunik. Hortaz, oraindik ez da jakina txosnagunea non izango den eta horrek Leioako Txosna Batzordearen lanak moteltzea ekarri du, hainbat ekitaldi ingurunearen baldintza zehatz batzuk behar baitituzte.

Dena den, Leioako Udaleko Kultur Arloa eta Leioako Txosna Batzordea jai hauetarako edo hurrengo urtetarako ordezko lekuak aztertzen ari dira.

Leioako Txosna Batzordea
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun