Irakurritako agiria:
Etxebizitza eskubidea guztiontzat!
Arratsaldeon, eta mila esker gaur burutu dugun manifestaldi honetara hurbildu zareten guztioi!
Etxebizitza, eskubidea dela erruz errepikatu dugu azken hilabete hauetan Euskal Herriko eragile ezberdinek. Hau aldarrikatzeko xedearekin osatu genuen Etxebizitza Guztiontzat! Euskal Herriko Plataforma. Hala ere, nahiz eta lau haizeetara zabaldu den aldarria izan, oraindik ere, etxebizitzaz gozatzeko eskubidea, urratua jarraitzen duela baieztatu beharrean gaude.
Eskubidea, pertsona orori zor zaion hori da. Zentzu honetan, etxebizitza oinarrizko eskubide unibertsala da, heziketa, osasuna edota elikaduraren parekoa. Eskubide hau bermatua ez egotea, gure duintasunaren aurkako eraso zuzena dela deritzogu plataformakideok. Pertsonei, pertsona izanagatik bermatu behar zaigun oinarrizko eskubidea delako etxebizitzarena.
Baina zergatik ez da bermatzen ari? Zergatik gazteok, emakumeok, etorkinok, pentsionistok edota langabeok, ez dugu etxebizitzaz gozatzeko aukeraren bermea?
Administraziotik eskubidea dela esan ohi da. Halere, botere publikotik egiten den politiken multzoak ez du arazoa konpondu, ezta gutxiago ere.
Plataforman hamaika aldiz errepikatu dugun moduan, eskubide hau merkaturatu egin da. Bai, merkaturatu, hitz handiekin esaten dugu gainera. Egun etxebizitzaren aferan, merkatu askearen legeak eta espekulaziorik izugarrienak agintzen du.
Pertsonen bizi proiektuak, pertsonen behar eta desioak, bigarren maila batean geratzen dira.
Emakumeok, etorkinok, gazteok, pentsionistok, prekariook... plataforma hau osatzen dugun adierazpen eta sentsibilitate anitzeko subjektuok, arazo honi irtenbidea ematen hasteko oinarrizko baldintzak definitu ditugu. Indar handiz adierazi nahi ditugu gaur hemen, eta bide batez, guztiok aldarrikapen hauen bozgorailu izatera animatu nahi zaituztegu gaur.
1.- Etxebizitza eskubidea da, beraz merkatuaren logikatik kanpo kokatu beharra dago.
2.- Instituzioen politika erabat aldatu behar da jendartearen beharrei erantzuna emateko eta ez interes pribatuak babesteko.
3.- Administrazio ezberdinen etxebizitza alorreko aurrekontuen handitzea derrigorrezkoa da, benetako beharren arabera.
4.- Diru publikoa etxebizitza publikoaren zuzeneko sustapenera bideratu behar da, honela baliabide publikoen aprobetxamendua bermatuz eta xede pribatuei erantzuten dien bitartekaritza saihestuz.
5.- Alokairu sozialaren aldeko apustu sendoaren bitartez ororen sarbidea bermatzea eta administrazioaren baliabideekin espekulatzeko aukera desagertzea lortu behar dugu. Alokairu horren ordainketa mugatzea beharrezkoa da, bestelako beharrak eta eskubideak betetzeko oztopoa bilaka ez dadin.
6.- Apustu hau benetakoa ez den bitartean, laguntza sozialak zeharo bermatuta egotea derrigorrezkoa dela deritzogu.
7.- Egoera honetan etxebizitza hutsak luxu onartezina dira. Beraz, hauen aprobetxamendua ziurtatzen duten kontrol eta zigor neurriak eratu behar dira.
8.- Lurraren kudeaketa interes sozialaren araberako erabilpena bermatzen duten legeek arautu behar dute, lurrarekiko espekulazio jarrerak erabat saihestuz.
9.- Etxebizitza eskubidearen urraketa gertatzen den inguru honetan, premiazkoa da okupazioa eta bere zigor egoeraren inguruko hausnarketa egitea.
10.- Aurrezki Kutxek, haien betebehar soziala kontutan hartuta, dirua bideratu behar dute etxebizitzaren arazoa konpontzeko, eskubide honen urraketaz baliatuta aberastearen ordez.
Hau da, gure ustetan egoera honi buelta ematen hasteko guztion artean egin beharreko zereginen zerrenda.
Edozein kasutan, ideia bat berreskuratu nahi dugu gaur hemen guztion aurrean. Zuk duzu giltza. Etxebizitza arazo izatetik, ondasun kolektibo batean bilakatzera dagoen bide horretan, guztion ekarpena beharrezkoa delako.
Guztion ekarpena beharrezkoa baita arazoaren salaketa egiteko garaian, guztion ekarpena beharrezkoa baita alternatibak eraikitzeko garaian, eta nola ez, guztion ekarpena baita beharrezkoa irtenbide eske mobilizatzeko garaian.
Hemendik deia luzatu nahi dugu konpromiso kolektibora, guk, herritarrok, dugulako konponbidearen giltza.
Besterik gabe, agur bero bat hemen bildutakoei, animo eta aurrera!!!