Jagoba Terronesen hiru lagunek auto istripua izan dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mai. 16a, 14:10

Jagoba Terrones preso berangoztarraren hiru lagunek "sakabanaketak eragindako istripua" jasan zuten atzo goizaldean, Euskal Herritik 800 kilometro baino urrunago dagoen Jaengo kartzelara zihoazela. Pankorbo inguruan (Burgos) animalia bat atera zitzaien errepidera eta autoak bere kontra jo zuen. Hiru lagunek ez zuten kalte fisikorik jasan baina autoak, ordea, kalte material handiak ditu. Hala ere, beste lagun baten autoan bidaia egin eta bisitara iristea lortu zuten. Etxerat elkarteak atzo bidalitako prentsa oharrean jakinarazi zuenez, Gotzon Beloki Durangoko presoaren gurasoek eta neskalagunak eta Marisol Iparragirreren ahizpak, koinatuak eta ilobak ere eduki dituzte "sakabanaketak eragindako istripuak. 13 dira sakabanaketak aurten eragin dituen istripuak eta, 36 istripu horien ondorioak jasan dituzten senide eta lagunak".

Etxeratek jakitera eman duenaren arabera, Marisol Iparragirreren senideek kolpeak dituzte gorputz osoan eta Gotzon Belokiren gurasoek eta neskalagunak ondo daude. Etxeratentzat istripu hauek guztiek "agerian" uzten dute Espainiako zein Frantziako estatuek "preso dituzten gure senide eta lagunen aurka indarrean duten sakabanaketa politika bortxazko politika dela eta, samina eragiten ari dela".

Sakabanaketa politika

Etxerat salatu du "Euskal preso politikoak Euskal Herritik isolatzea, euskal preso politikoak fisikoki, psikikoki nahiz politikoki suntsitzea eta, euskal gizartearen eta euskal preso politikoen arteko zilborreste garen senide eta lagunok kolpatzea" dela gaur egun kartzeletan eramaten den politikoa, eta deitu horrekin amaitzeko, euskal presoak Euskal Herriratuz.

Senideen elkarteak gogoratu du euskal gizarteak "behin eta berriz" eskatu duela sakabanaketa politikarekin amaitzea eta "sakabanaketa politika indarrean" dutenei "nahiz politikoki babesten" dutenei "heriotzaren aldeko apustua" eta Euskal Herria bizi duen "gatazka politiko historikoaren luzatzearen aldeko apustua" egitea leporatu die. Era berean, Espainiako eta Frantziako estatuei sakabanaketa politikarekin amaitzeko eta euskal presoak Euskal Herriratzeko deitu ditu. Halaber, Euskal Herriko alderdi politikoei eta erakundeei, "euskal preso politikoak Euskal Herriratzeko konpromisoak har ditzatela" exijitu die, "estatuek darabilten bortxakeriaren aurrean beste aldera begiratzean, bi estatuei politika hiltzaile horretan sakontzen jarraitzeko bide egiten ari baitira".

Etxeratentzat, proposatutakoa egin ezean "ulergaitza egiten zaigu azken hilabete, aste eta egunetan espainiar Gobernuko nahiz Euskal Herriko alderdi politikoetako arduradunek, gatazkaren konponbidearen inguruan egin dituzten hitzak".

Galderak

Agiriaren bukaeran hainbat galdera planteatu ditu senideen elkarteak: "nola eman gatazkaren konponbiderantz pausoak bi estatuek preso dituzten 720 euskal herritarrak bizi baldintza gordinenetan dituztenean? Sakabanaketaren sinonimo diren, isolamendu politikoa eta fisikoa, osasun asistentzia eza, odoluste ekonomikoa, senideen eta presoen heriotza? Nork sinetsi ditzake hitz polit horiek, sakabanaketa moduko politika hiltzaile bat bi estatuek indarrean dutenean? Politika hiltzaile horrekin amaitzeko borondaterik erakusten ez dutenean? Euskal errepresaliatu politikoen senide eta lagunok Euskal Herriak bizi duen gatazka politiko eta historiko honi behin betirako konponbide politiko eta demokratikoa aurkitu behar zaiola argi diogu. Bizitzaren aldeko apustu egiten dugu, ez baitugu nahi gu jasaten ari garena beste inork jasaterik nahi; eta bi estatuei nahiz alderdi politikoei ere bizitzaren aldeko apustu egiteko, behingoz, euskal preso politikoak Euskal Herriratzeko deia luzatzen diegu. Zenbat heriotza gehiago eragingo dituzte gatazkaren konponbiderantz pausoak eman bitartean?".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun