Aldiz, analisi horren emaitzak ezin direla aintzat hartu esan du Auzitegi Gorenak, epaileak aurrez aurre parte hartu behar duelako frogak jasotzeko lanetan. Hori horrela ez egiteko arrazoi bakarra laginak jasotzeko premia handia izatea da eta kasu honetan ez zen horrela gertatu. Gainera, epaiaren arabera, Poliziaren txostenean "ez da jasotzen froga hori jaso zelako aipamenik".
Hori aintzat hartuz, Auzitegi Gorenak auzipetuaren ustezko errugabetasuna urratu dutela ebatzi du; beraz, absolbitu egin du ez delako frogatu autobusaren aurkako erasoan parte hartu zuenik.
Beste kasuak
Berangoko autobusaren zigorra kenduta, beste bi epai ditu kontran Orkatz Gallastegik. Alde batetik, ADNren frogan oinarrituta, 2002ko martxoaren 15ean Algortako La Caixaren kutxazain baten erreketan parte hartu zuelakoan sei urte ezarri zizkiona. Beste aldetik, 2002ko maiatzean Correosen bulego bat erretzea leporatuta, 9 urteko zigorra jarri ziona. Bestalde, Auzitegi Nazionalak beste sumario batean ere sartu zuen Gallastegi. Jose Maria Lidon epailearen hilketarako ETAri informazioa ematea egozten diote.