Plentziako Astillero plazan, 10:30ean emango zaie hasiera umeentzako jarduerei. 12:30ak bitartean, tailerrak eta jolasak izango dituzte neska-mutilek. Ordu horretan, dena bukatu eta otartekoa jango dute plazako arkupetan. Azkenik, "Betizu Izar Artean" emanaldia egongo da ikusgai 13:30ean, umeen jarduerei bukaera emateko.
Gazteei, berriz, 14:30ean helduko zaie txanda. Biko Teatro taldeak eskainiko "Euskara sencilloaren manifestoa" antzerki emanaldiaz gozatzeko aukera izango dute. Nahiz eta ikuskizuna Plentziako Institutuan izan, edonor sartu daiteke.
Sagardotegia helduentzat
Helduentzako sagardotegia jarriko dute arratsaldez (19:00-21:00) Gorlizko Iberre plazan. Txorizoa, makailu-tortilla eta txuletoia sagardoarekin ondo busti ostean, trikitilariek eta bertsolariek alaituko dute giroa. Ondoren, erromeria egongo da.