Eneko Arruebarrena alkateordeak gaur goizean prentsaurrekoan azaldu duenez, Iparragirre etorbideko 38. ataritik 58.era eta Ondizko Andra Mari kaleko 1.go ataritik 3.era zabaltzen den Ikea Barri gunearen berrantolaketa "beharrezkoa da", urteetan Leioako herrigune eta merkataritzagune garrantzitsua izan dena "zaharkituta gelditu baita" 70eko hamarkadan eraiki zen garai horretako irizpideekin eta, salbuespenen bat kenduta, ez dago aparkalekurik eta ondo, ez hain ondo eta txarto utzitako autoz beteta dago". Arruebarrenaren iritziz oinezkoentzat gune "zaila" bihurtu da eta, gainera, inguruko auzoak "asko hobetu"direnez "Ikea Barrirentzat positiboa ez den kontrastea" sortu da eta hori oinezkoentzako espazioa sortuz, espaloiak zabalduz eta gaitasun murriztua dutenei hirigintza oztopoak kenduz konpontzeko asmoa dauka Udalak. "Orain dela asko bertan eskua sartzeko gogoa genuen" laburbildu du alkateordeak.
Parking-partzelak salgai
Berrantolaketa gauzatzeko, gaur egun "txarto aparkatuta dauden kotxeak" kenduko dituzte erditik, eta Ikea Barri plazako osasun etxeko sotoan, gunetik 50 metrotara, dauden 72 aparkaleku aurkeztu dituzte alternatibatzat. Arruebarrenaren ustean txarto utzita dauden kotxeak baino askoz gehiago jarriko dira salgai. Toki horiek salmenta libreko enkantera aterako ditu Udalak, 11.800 eta 19.200 euro bitarteko gutxienezko salneurrietan. Hortaz, ez da egongo alokairu edo hainbat urtetarako akordio administratiborik.
Partzelak iragarkia prentsan eta aldizkari ofizialetan aterako denetik (ekainaren 1a inguru) uztailaren 1a arte erosi ahal izango dira, eta aurretik ikus daitezke. Erosteko aukera leioaztar guztiek izango dute baina Ondizko Andra Mari kaleko 1 eta 3. atari bitarteko, Iparragirre etorbideko 20 eta 62 bitarteko eta Sabino Arana etorbideko 79 eta 95 bitarteko auzokide eta merkatariek lehentasuna izango dute.
Lanak uztailaren 1etik aurrera
Guztira, 72 aparkalekuak saltzekotan, 950.000 euro baino gehiago bilduko lituzke Leioako Udalak. Lanak parkingak "saldu ala ez saldu" egingo direla eta batuko den dirua hurrengo proiektuetan inbertituko dela ziurtatu du Karmelo Sainz de la Mazak. Gainera, beste 70 bat autoentzako tokia gordetzen du Udalak etorkizunari begira.
Lanak 600.000 eurotan esleitu dira eta uztailaren 1ean hasiko dira, sanjuanak igarota, "zuhurtasun irizpide argiarekin jokatuz". Berrantolaketa lau hilabetetan gauzatuko da Karmelo Sainz de la Mazaren arabera, nahiz eta lanen arduradunen ustean denbora gutxiagoan bukatuta egongo den. Horrela izanda ere, lanak "jasangaitzak" izango direla aitortu du alkateak.