Bilera eraikin margotu berrian
Asteotan berdez margotutako Igeltsera gaztetxeak hilabete bat bete du, bertako gazte asanbladako kideek 19:00etan hasitako bileran behin eta berriro gogoratu dutenez. Urdinez berriki margotutako bilera aretoan egindako batzarrean denbora hori luzatzeko asmoa ere islatu dute gazteek. Hori dela eta Gaztetxearen defentsa antolatzeari ekin diote eta bertan egoteko txandak prestatu dituzte.
Erresistentzia erabiltzea erabaki badute ere, argi planteatu dute "inoiz baino gehiago" lan egin behar dela eta "kalera atera behar dela" eta ildo horretatik martxan dituzten ekintzak, tailerrak, batzarrak eta jai ezberdinetako ardurak zeuden bezala mantentzea erabaki dute, ordutegi eta leku berberetan, gaztetxean, alegia. Kaleraketa gauzatuko balitz ere, lekua izan ezik dena berdin mantentzeko erabakia ere hartu dute. Gaztetxearen agendan 12 ekitaldi daude gaurtik ekainaren 10era eta 8 tailer daude asteko maiztasunez (ikusi UKBERRIren agenda).
Kalea eta bide burokratikoak
"Autokudeaketan eta izaera herrikoian" oinarritzen duten kultur proposamena eta kaleraketaren "mehatxua" ezagutarazteko etxez etxe arituko dira Sopela eta Urdulizko gazte Asanbladako kideak esku-orriak banatzen.
Azkenean, Bizkaiko Foru Aldundiak Mecanica de la Peña berreskuratzeko espedientea kudeatzean legezko prozedura "bortxatu" eta eraikinaren okupatzaileen oinarrizko eskubideak urratu egin dituelakoan, Iñigo Lamarca EAEko Arartekoari hitzordua eskatuko diote eta abokatuekin Bizkaiko Foru Aldundiaren kontrako EAEko Auzitegi Nagusian premia biziko demanda bat jartzea deliberatuko dute. Gazteek aipatu dutenagatik aurreko aginduaren kontra jarritako helegitetik gauza bakarrean egin diete kasu, agiria euskaraz bidaltzen alegia, baina "helegite bera ez dute erantzun, ez dute esan ez dutela aintzat hartzen eta ez dute esan zergatik ez duten egiten". Horretaz aparte, agiriak ez du bigarren helegiterik onartzen. Gainera, beti gazteen arabera, "ertzainek legez kontra eman dute goizeko agiria".
Foru Aldundian argibiderik ez
Bestalde, arratsaldean zehar UKBERRI birritan jarri da harremanetan Bizkaiko Foru Aldundiaren Prentsa Bulegoarekin, baina Igeltsera gaztetxekoek orain arte jasotako bi agiriak sinatu eta goizean azken agiriaren jakitun izatea ezeztatu duen Ondare Zerbitzuko burua ez zegoelako Prentsa Bulegoak argibiderik ezin zuela eman esan du. Agiriak maiatzaren 12ko data dauka, baina 692 zenbakiko irteera zigilua maiatzaren 17koa da.
Gaiaren inguruko berriak:
Igeltserakoek gaztetxea uzteko agindua jaso dute orain dela ordubete (2005 Mai 17)
Gazte asanbladak Sopelan prentsaurrekoa ematen ari zen bitartean, Urdulizen gaztetxean sartu da Ertzaintza (2005 Api 29)
Sopela eta Urdulizko gazteok proiektu berria daukagu, Igeltsera gaztetxea (2005 Api 29)
Igeltsera gaztetxerako proiektua ostiralean aurkeztuko du SGAk (2005 Api 27)
Alde egiteko agindua jaso dute Mecanica La Peñan sortutako gaztetxekoek (2005 Api 23)
Txukuntzeko lanekin jarraitzen dute Mecanica La Peñan zabaldutako gaztetxean (2005 Api 17)
Herriz herri autogestioa zabaldu, Sopelako Gazte Asanbladaren komunikatua (2005 Api 17)
Sopelako Gazte Asanbladak Mecanica La Peña lantegi zaharra okupatu du Urdulizen (2005 Api 17)