Plentziako 127 bizilagunek aurkeztu dute, Gamiz inguruan, lurrazpian egingo dituzten autoa uzteko 80 lekuetatik bat eskuratzeko eskaera. Astelehen goizean baino ez zen egon eskaria aurkezteko aukera eta, ondorioz, ilara luzeak sortu ziren udaletxean. Tokiko erakundeko arduradunek atzo zehaztutakoaren arabera, "eskariak aurkeztutako ordena kontutan hartuz banatuko dira tokiak, Udalak jarritako oinarrietan jaso bezala". Autoa lagatzeko toki bakoitzak 12.000 euroko salneurria izango du eta 99 urtetarako izango da emakida. Epe hori igarota berriro ere bueltatuko litzateke Udalaren eskuetara. Aurrikuspenen arabera, 2006ko udarako egongo da parkinga.
Udal babeseko etxe baten azpian egongo dira autoa lagatzeko 80 leku berriak. Eraikin berrian 18 etxebizitza egongo dira 55tik 87ra metro koadro bitartekoak, bikote gazteei eta diru-iturri eskasak dituzten familiei zuzenduak. Parkingak 98 toki izango ditu, horietatik 18 etxebizitzak jasoko dituztenentzat.
Gamizen gaur egun dagoen autoa uzteko toki eskasiari konponbidea emango dio parking berriak, udal arduradunen hitzetan. Gainera, inguru horretako hirigintza lanekin bukatzeko, 48 etxebizitza izango dituen sustapen pribatuko beste eraikin bat egingo dute, parkingarekin ere bai. Udal arduradunek, etxebizitza bakoitzeko autoa uzteko bi toki jartzea exijitu diete sustatzaileei.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.