Enpresa "berehala" irekitzeko agindu dio gaur Areeta eta Larrabetzu lotzen dituen Autobuses de Lujua konpainiari Eusko Jaurlaritzak, langileak "lanarekin jarraitzeko egoeran" daudelako eta enpresak lan egiten utzi behar dietelako. Horrela izango ez balitz, isunak iragarri ditu Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako Bizkaiko lurralde ordezkaritzak. Lurralde ordezkaritzaren arabera, Autobuses de Lujuak astelehenean ezarri zuen itxiera patronala ez da zilegia. Enpresak "langile eta erabiltzaileen ongizatea bermatzea" ezinezkoa bihurtu zitzaiola esanez itxiera defendatu zuen egun horretan. Izan ere, igandean konpainiako hainbat autobus erasotuak izan zirela eta kalteak egon zirela ere salatu zuen Autobuses de Lujuak. Bizkaibuseko langileriarekin eskubideak parekatzea hiru hilabetez eskatzen duten grebalariak ekintza horien erantzuletzat jo zituen Konpainiak. Enpresa Batzordeak zuzendaritzaren azalpenak gaitsetzi ditu eta enpresa irekitzeko eskatu du.