Astia eman behar izan badute ere, Getxon ohikoa ez dena lortu du Algortako Bilgune Feministak: kartelak inork kendu barik jartzea. Horretarako, baimena eskatu zuten udaletxean eta azkenean Udalak hiru panel jarri ditu: Getxon, pilotalekuaren aurrean; Algortan, Telletxe plazan; eta Areetan, Xake plazan. Panelak datozen ekitaldiak iragarri eta martxaren helburuak aise zabaltzeko tresna gisa erabiliko dituzte, nahiz eta baten bat ikusteko zail dagoen.
Bihar, jaia
Egitarau zabala izango da Itzubaltzeta gaztetxean 19:00etatik aurrera. Sin Teatro Añadido antzerki taldeko lau kideek emango diote hasiera jaiari. Oraindik ez dago zehaztuta zein izango den taularatuko duten antzezlana baina baliteke orain dela bi hilabete Bilboko Hikateneon aurkeztu zuten "OVNISS (Objeto Viviente Nada Interesante SS)" izatea.
Horren ostean, Moragues Saituak jakinarazi duenez, Portu Zaharreko jaietako akelarreari buruzko dokumentala ikusteko aukera egongo da, eta, ondoren, Leioako campuseko Arte Ederretako hainbat kideren bideo-lanak proiektatuko dira.
Hurrengo txanda dantzarena izango da. Horrela, Itzubaltzeta gaztetxeko Tahitiko dantza tailerrak uharte horretako ohiko dantzak ezagutaraztera emango dituzte eta Algortako dantzariek dantza garaikideko ikuskizuna emango dute.
Ondoren, 21:00etan, aldarrikapenari tartea emango diote eta Itzubaltzeta / Erromo herria hartuko du kalejira feministak, bukaera Itzubaltzeta gaztetxean izango duela. Bertan, bertso afaria izango da, Bizkaiko Eskolarteko Bertso Idatzien Txapelketan saritu berriak izan diren ALBEko Itxaso Paia, Jone Uria eta Arrate Illarok Peru Vidalekin batera abestuko dutela. Bertso afarirako txartela sei eurotan salduko da eta Branka edo Gorrondatxe herriko tabernetan edo Itzubaltzeta gaztetxean aurretik izena ematea eskatu du antolakuntzak. Azken ekitaldia Iratxe bakarlariaren musika kontzertua izango da, baina jaiak luze jarraituko du.
Uribe Kosta martxarekin bat
Maiatzaren 24an, asteartea, Euskal Herriko hainbat herri eta auzoetan ekitaldi bereziak egingo dira Emakumeen mundu martxa bertatik pasatzean. Baina, "martxa Uribe Kostatik pasatzekoa ez zenez", itsas bidaia antolatu dute Bilgune Feministako kideek martxarekin Bilbon batzeko. Hitzordua, Algortako faroa eta Kirol kaiaren artean dagoen Arriluzeko kaian jarri dute, goizeko 12:00etan. Bertan txalupa hartu eta Ibaizabal gora eginez, Bilbon martxarekin batuko dira.
Uribe Kostako emakumeak Europan
Emakumeen Mundu Martxako Euskal Herriko Plataformarekin bat eginez, Uribe Kostako neskek ere Europako emakumeen bilgunea bihurtuko den Marsellara abiatuko dira autobusez. Horretarako, izena eman beharko dute aurretik 943 590 902 telefonoan edo autobusa@gaztesarea.net e-postan. Bidaiak 25 euroko prezioa du eta ordainketa aurretik egin behar da 3035-0020-51-0200056737 kontu zenbakian.
Marsellan, maiatzaren 27an egongo den egitaraua goizeko 08:30etan hasiko da ongi etorri ekitaldiaren. Geroago zazpi foro antolatuko dira norberak nahiago duenean parte hartzeko:
- Lana, behin-behinekotasuna eta enplegua
- Emakumeon kontrako indarkeria
- Sexualitatea eta abortua
- Osasuna
- Bakea eta gatazkak
- Demokrazia / Botere / Berdintasuna: emakumeak eta gizonak Europan.
Ordu bietan musika animazioa egongo da hirian zehar, ordu bat beranduago gutunaren erreleboa eta manifestazioa egingo da. Arratsaldeko 18:00etan, "espazioak: gazteak, etorkinak eta lesbianak" ekitaldiarekin amaituko da egitarau ofiziala.