Baliteke Javier Otxoak berak parte hartzea igandeko lasterketan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mai. 19a, 22:22

“Javier Otxoa Klasika”-XX Randonné Punta Galea txirrindulari lasterketak 100 kilometro egingo ditu guztira igande honetan. Goizeko bederatzietan abiatuko da Fadurako udal kiroldegiko belodromotik, eta Sopela, Urduliz, Plentzia, Armintza eta Bakio zeharkatu ondoren, Bermeora iritsiko da. Bertan itzulerako bidea hartuko dute Sollube igota txirrindulariek, berriro ere udal belodromora sartu eta bertan egongo den helmugan amaitzeko. Edozelan ere, antolakuntzak ibilbide alternatiboa prestatu du, laburragoa dena: 82 kilometrokoa alegia. Javier Otxoak berak parte hartu zuen, Guzman Aranaga Getxoko Udaleko Kirol zinegotziarekin batera, lasterketa aurkezteko atzo goizeko ekitaldian. Proban parte har dezakela aurreratu zuen Otxoak.

Punta Galea Elkartearen Randonné proba federazioko lizentzia duten zikloturistentzat dago zabalik. Hala ere, baimenik ez duten txirrindulariek ere parte hartu ahal izango dute, izena emoteko une berean federazioaren “eguneko” lizentzia eskuratzen baldin badute. Partaide kopurua 400 txirrindularira mugatu da eta izen emotea txirrindulariak irteera lekura iritsi ahala egingo da egun berean, 8:00etatik aurrera, aipatu kopurua bete artean. Behar beharrezkoa izango da federazioaren lizentzia aurkeztea eta buruko babesa eramatea. Iñigo Mentxaka Punta Galea taldeko presidenteak berak nabarmendu zuenez, "errepidean garrantzi handia du segurtasunak". Gidariek txirrindulariak errespetatu behar dituztela gaineratu zuen.

Sariak

Izena emotean 10 euro ordaindu beharko dute federatuek eta 21 euro federatuak ez daudenek (ibilbide erdian janari-poltsa emango zaie txirrindulariei). Kategoria ezberdinetan lasterketa amaitzen duten txirrindulari guztiei Randonnéaren oroitgarri bana emango diete, bizkarreko zenbakia utzi eta gero. “A” ibilbide nagusiko txirrindulariei etxera igorriko zaie diploma bat, eurek egindako marka eta sailkapenarekin.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun