Euskal Jaia egingo da bihar Plentzia eta Gorlizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mai. 19a, 22:47

Ostiral honetarako Euskal Jaia antolatu dute Plentzia eta Gorlizko Udalek; AEK, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Plentzia LHI, Uribe Kosta BHI eta Gorlizko Ikastetxearekin batera. Besteak beste, Plentzian egingo dira goiz-eguerdiko ekitaldiak, haurrei eta gazteei zuzendutakoak hain zuzen ere. Helduek, berriz, Gorlizen edukiko dute ospakizunaz gozatzeko aukera, arratsalde partean. Plentziako Astillero plazan, 10:30ean emango zaie hasiera umeentzako jarduerei. 12:30ak bitartean, tailerrak eta jolasak izango dituzte neska-mutilek. Ordu horretan, dena bukatu eta otartekoa jango dute plazako arkupetan. Azkenik, "Betizu Izar Artean" emanaldia egongo da ikusgai 13:30ean, umeen jarduerei bukaera emateko. Gazteei, berriz, 14:30ean helduko zaie txanda. Biko Teatro taldeak eskainiko "Euskara sencilloaren manifestoa" antzerki emanaldiaz gozatzeko aukera izango dute. Nahiz eta ikuskizuna Plentziako Institutuan izan, edonor sartu daiteke.

Helduentzako sagardotegia jarriko dute arratsaldez (19:00-21:00) Gorlizko Iberre plazan. Txorizoa, makailu-tortilla eta txuletoia sagardoarekin ondo busti ostean, trikitilariek eta bertsolariek alaituko dute giroa. Ondoren, erromeria egongo da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun