Zientziaren zabalkunderako aldizkari berria kaleratu du EHUk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mai. 19a, 23:22

Euskal Herriko Unibertsitateko arduradunek ‘Ikertu-Investiga' aldizkari zientifiko-teknologiko berria aurkeztu dute gaur. Ikerketa Errektoreordetzak argitaratzen du aldizkaria, eta EHUn egiten den ikerketa gizarteari ezagutzera ematea horren helburua. Izan ere, unibertsitateak garatu nahi duen arloetariko bat da zabalkunde lana. Urtean lau ale izango ditu –otsailekoa, apirilekoa, ekainekoa eta irailekoa– eta, horietaz gain, ale berezi bat Zientzia eta Teknologiaren Asteari lotua, azaroan argitaratuko dena. Ale bakoitzak editoriala eta sarrerako gai bat izango du, sendotzen ari den edo urte horretan bereziki nabarmenduko den ikerbide bati eskainia. ‘Ikertu-Investiga’k 5.000 aleko tirada izango du eta postaz helaraziko zaie enpresa, ikergune, unibertsitate eta gizarte eragileei. EHUren eskaintza zientifiko-teknologikoak zabalkunde handiagoa izatea da ekimenaren helburua, baita unibertsitateak produktu gehiago merkaturatzea eta enpresa eta ikerguneekiko lankidetza sustatzea ere.

Lehen alean Fisikaren Munduko Urteari buruzkoa da aipatutako lehen informazio hori. Ondoren, EHUn garatzen ari diren ikerketa proiektuak azaltzen dira, bost ataletan banaturik: Zientzia eta Teknologia; Medikuntza eta Osasuna; Ekonomia eta Gizartea; Artea eta Kultura. Proiektu hauek aholkularien batzorde zientifikoak aukeratuko ditu, oso kontuan hartuta proiektuon aplikagarritasuna.

Ikerketen gaineko informazioan proiektuaren ildo nagusiak azaltzen dira, aditua ez den irakurlearentzako hizkera errazean adierazita. Gainera, ikertzaile nagusiaren izena eta proiektua diruz hornitzen duen erakundearena ere ematen dira, baita harremanetarako izen edo bideren bat ere, irakurleek xehetasun gehiago jakin gura izanez gero. Informazio hauek laburpen txiki bat dakarte euskaraz edo gaztelaniaz, testu nagusia zein hizkuntzatan dagoen idatzita. Azkenik, unibertsitateak daukan patenteren bat edo merkaturatzen duen produkturen bat ezagutzera ematen duen atala dauka ‘Ikertu-Investiga’ aldizkariak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun