Gazteek bultzatutako egitasmoak diruz lagunduko dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mai. 19a, 23:58
"Wanted” (bila) lelopean, gazteek bultzatutako egitasmoei dirulaguntzak emateko deialdia kaleratu du Getxoko Udaleko Gaztedia Zerbitzuak, 6.000 euroko gehienezko zenbatekoarekin. Azaldu dutenez, ez da udalerriko gazte elkarteeen ekitaldiak laguntzeko, baizik eta sormena eta partaidetza bultzatzeko gazteek eurek martxan jarritako egitasmoak laguntzeko, neska-mutilek "Getxoko kultur eskaintzaren protagonistak izan daitezen". Horretaz gain, aipatu taldeetako kide ez diren gazteak elkartzera bultzatu nahi dituzte egitasmoaren bidez, euren gizarte, kultur edo hezkuntza egitasmoak martxan jar ditzaten. “Getxon zein EAEn dagoen errealitate bati aurre egiteko asmoz sortu da ekimena: gazteek ez dute elkarteetan parte hartzen, hori dela eta, batuta ez dauden neska-mutik horien ahalmenak piztu nahi ditugu”, adierazi du gaur goizean egindako aurkezpenean Imanol Landa Presidentzia zinegotziak.
Deialdiak kultur, gizarte edo sormen egitasmoak bultzatu nahi ditu, esatebaterako, hitzaldiak, proiekzioak, tailerrak, ikastaroak, luzemetraiak, antzezpenak edo erakusketak. Orokorrean, Getxoko kultur eta gizarte bizitza "aberastuko" duten mota guztietako proposamenak hartuko dituzte kontuan.

Oinarriak

Gutxienez lau gaztek osatutako taldeek aurkeztu beharko dituzte proiektuak, taldeko kide bat 18 urtetik gorakoa izan behar da eta den-denak 30 urtetik beherakoak. Deialdi hau elkarteen mugimendua bultzatzeko kaleratu denez, udalerriko elkarteetako kideek ezin izango dituzte euren proiektuak aurkeztu.

Aurkezten diren egitasmoak kontutan hartzeko 15 irizpide ezarri dituzte, horien artean, proposatutako ekitaldia berritzailea izatea, ekitaldian beste pertsona batzuek parte hartzeko aukera (batez ere 12 eta 17 urte artekoek) eta bertoko eta atzerrikoen eta beren seme-alaben arteko harremanak bultzatzea.

Ideiaren bat duten gazteek Gaztedia Udal Zerbitzuarekin jar daitezke harremanetan 944 660 018 telefono zenbakira deituz, komentatu eta deialdiaren oinarriak hartzeko. Proposamenak aurkezteko forma lantzen lagunduko diete bertan. Eskaerak datorren uztailaren 11ra arte egin ahal izango dira udaletxean eta Itzubaltzeta / Erromo-Areetako, Algortako eta Getxoko Informazio Bulegoetan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun