Getxoko Udalak herritarren iritzia ezagutzeko egindako inkesten arabera, udalerriko bizi-kalitatea urtez urte hobetzen ari da

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mai. 20a, 21:34
Euren bizi-kalitatea urtez urte hobetzen ari dela uste dute auzotarrek, Getxoko Udaleko Kalitate Sailak "kudeaketa hobetu ahal izateko" egindako iritzi inkesten emaitzek erakusten dutenez. Galdeketa telefonoz egin zieten 18 urtetik gorako 350 getxoztarri 2004ko azaroaren 18tik 30era bitartean, eta emaitza orokorrak gaur eman ditu ezagutzera Imanol Landa Presidentzia zinegotziak. Udal arduradunaren hitzetan, "galdetutako %85 pozik dago gure udalerriaren bizi-kalitatearekin, iaz baino %5 baino gehiago, enpresa adituak egindako ikerketa honen arabera". Horretaz gain, kalitatea duela bost urtetik hona hobetu egin dela eta Getxon Bilbo Handiko beste edozein udalerritan baino hobeto bizi dela uste dute pertsona ugarik, Landak azpimarratu duenez. Bestalde, ahulezien artean, etxebizitza bat lortzeko erraztasunak eta gazteei zuzendutako ekimen gehiago eskatzen dituzte getxoztarrek. Azken hauei dagokionez, galdetutakoen %9,1ek botatzen ditu faltan, 2003an %5,9 izan ziren bitartean. Hain zuzen ere, "landu beharreko ezinbesteko gaitzat" hartu du Presidentzia zinegotziak.
Inkestutako %78k Getxo udalerria eta %81ek, zehazki, bizi den ingurua segurua dela uste du, emaitzen arabera. Udal kudeaketari dagokionez, hoberen baloratutakoak ibiltokiak, gune berdeak, kaleetan egindako egitasmo berriak, kultura, garbiketa edo hiri segurtasuna dira. Bestalde, herritarrek norberaren ibilgailuez ibili ahal izateko hobekuntzak eta aparkatzeko toki gehiago eskatzen dituzte. Imanol Landaren arabera, “herritarrek autoz erraz ibili ahal izateari ematen dioten garrantzia kontuan hartzen da udal kudeaketan, etengabe hobetzen joatea baita helburua”. Autoa uzteko leku gutxi egoteari dagokionez, galdeketa egin zen garaian, Areetako Mesedeetako Ama eta Itzubaltzeta / Erromoko Santa Eugenia kaleetako parkingak oraindik eginda ez zeudela ohartarazi du Presidentzia zinegotziak.

Udal erakundearen irudian aldaketarik ez

Azkenik, inkestutakoek duten Getxoko Udalaren irudia 2003tik 2004ra ez da asko aldatu, Landak jakinarazitakoaren arabera. "Irudi hori ez da zertan erabiltzailaren iritziarekin bat etorri behar, inkestatutakoek agian aspalditik ez baitute ezer egin behar izan udalean. Alde positiboak jarrera eta erreztasuna izan dira eta negatiboak Udalak ezarritako epeak bete ez izana", azaldu du. Udal arduradunak azpimarratu duenez, "udal jarduera gure herria eta tokiko erakundea bera gero eta hobeagoak izateko bideratuta dagoela erakusten dute galdeketaren emaitzek".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun