UKBERRI.NETeko erabiltzaileen %73k segurtasun arazoak ditu nabigatzailean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mai. 23a, 15:33

UKBERRI.NET erabiltzen duten internauten gehiengoa segurtasun arazoak dituzten nabigatzaileen bidez sartzen da webgune honetan, UKBERRI.NETeko maiatzeko estatistikek argi erakusten duten moduan. Izan ere, erabiltzaileen %59,4k Microsoft Internet Explorer 6.0 du sarean nabigatzeko gogokoena, eta beste %7,4k MSIEko aurreko bertsioak. Librezale.org webguneak aspalditik gogoratzen duenez, Internet Explorerrek "konpondu gabeko segurtasun akats ezagun ugari ditu". Gainera, akats horiez baliatuta "zure ordenagailuan birusak eta hacker gaiztoak sar daitezke", eta MSIEk Web estandarrak errespetatzen ez dituenez, hainbat webgune ezin da ondo ikusi". Bestalde, internauten %6,3k Firefox 1.0.3 erabiltzen du. Firefox aplikazio librea orokorrean oso segurua bada ere, bertsio horrek dagoeneko 1.0.4 bertsio berrian konponduta dauden segurtasun arazoak ditu. Horregatik, aipatutakoen artean bazaude, UKBERRI.NETeko lantaldeak zure nabigatzailea ahalik eta lasterren ordezkatzen animatzen zaitu. Firefox 1.0.4 proposatzen dizugu: software librea, euskalduna, segurua, egonkorra, Windows, MacOSX eta Linuxen ondo dabilena, eta RSS jarioetara harpidetzeko erraztasunak ematen dituena. Nahi izanez gero, hemen jaisteko informazio guztia daukazu.

AWSTATS aplikazioaren bidez jasotako datuen arabera, UKBERRI.NET bisitatzen duten internauten beste %5,3k Firefoxeko bertsio seguruak erabiltzen ditu, %17,1k Mozilla ditu gogokoen (Orain arte UKBERRI.NETek horren aldeko apustua egin du), %0,1k Safari erabiltzen du eta beste %0,1k Operaren bidez sartzen da webgune honetan. Internauten %3,1k zer erabiltzen duen jakiteko ezgauza izan da AWSTATS.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun