"Oficialidá, agora!" (Ofizialtasuna orain!) lelopean, asturiar hizkuntzaren egoeraren inguruko jardunaldiak antolatu dituzte, maiatzaren 28rako, Itzubaltzeta gaztetxean. Arratsaldeko bostetan emango zaie hasiera ekitaldiei; jardunaldien aurkezpena eta "Aida" laburmetraiaren proiekzioa izango dira, ordu horretan, Pablo Quirogaren eskutik. Ordu bete beranduago, berriz, "La llingua asturiana, la llucha pola normalización d'un idioma vivu en pelligru d'estinción" (Asturiera, desagertzeko arriskuan dagoen hizkuntza bizi baten ofizialtasunaren aldeko borroka) izenburuko hitzaldia eskainiko du Miguel Fernandi Andecha Astur alderdi politikoko kideak. Azkenik, sagardo dastaketa eta gaita eta danboril emanaldia egongo dira 21:00etan, eta ordu bete geroago, Skama la Rede (Ska-punk-folk) eta Oi n'ast(Oi) taldeek emango dute kontzertua. Azken hauetarako sarrera bi eurotan egongo da.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!