Ehun bat gaztek salatu dute Igeltseraren aurkako "erasoa"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mai. 25a, 01:02
Ertzaintzak gaur goizean Igeltsera gaztetxean egindako desalojo saiakera salatzeko asmoz, dozenaka lagunek bat egin dute arratsaldean Sopela eta Urdulizko Gazte Asanbladak deitutako manifestazioarekin. Ibilbide guztian zehar, EAJren eta alderdi horretako alkateen, Imanol Garai sopeloztarra eta Juan Olea urduliztarraren, aurkako oihuak entzun diren arren, are ozenagoak izan dira herri bietako batzokien aurretik igarotzean. "El PNV –Ibarretxe– desaloja los gaztetxes" (EAJk –Ibarretxek– gaztetxeak desalojatzen ditu), "Alcalde da la cara" (Alkatea aurpegia eman) eta "Con este alcalde vamos de culo" (Alkate honekin txarto goaz) bota dituzte batean zein bestean. Hain zuzen ere, Urdulizko jeltzaleen egoitzako lorategietara sartu dira gazteak (argazkian) eta hantxe bertan irakurri ditu "erasoaren aurkako" eta Igeltsera gaztetxearen proiektuaren gaineko idatziak SUGAko pare bat kidek. Haserreak haserre, ez da istilurik egon.
Arratsaldeko zortziak aldera abiatu da protestaldia Sopelako udaletxe aurretik, Urdulizerainoko bidea egiteko. Manifestazioaren buruan "Igeltsera bizirik! Okupazioa aurrera" leloa irakur zitekeen parkartan eta ugariak ziren azken aldarrikapen horren aldeko laranja koloreko banderak bildutakoen artean. Ertzaintzaren presentzia ia nabariezina izan den arren, ugariak izan dira polizia autonomikoaren aurkako oihuak. Are gehiago, Sopela eta Urduliz arteko errepideko bidegurutze batean patruila autoa agertu denean. "Makurtzen ez dena..." abesten hasi dira orduan gazteek. Dena den, unean uneko haserraldiak alde batera utzita, giro alaiean egin dute bidea. Igeltsera gaztetxe parera heldutakoan ongi etorria eman diote manifestazioari eraikineko teilatuan zeuden hainbat lagunek. Bertan, eserialdia egin eta hamar bat minutuz moztu dute errepidea neska-mutilek.

Tira-bira txikia

Urdulizen bertan, buelta txikia eman diote herriari gazteek, batzokiko lorategian amaitzeko. Bertan, tira-bira txikia egon da mutiletako baten eta bertoko tabernaz arduratzen den gizonaren artean. Gaztea makil batez jotzen hasi da leiho batetako burdin hezia eta jabeak gelditzeko esan dionean hasi dira txistuak. "Bera EAJkoa barik, langile soila baino ez" dela esan dio mutilari batzokiko ostalariak. Hortxe geratu da guztia. Komunikatuak irakurri eta protestaldia amaitzean, ertzainek Igeltserara abiatu direla zabaltzen joan da gazteen artean. Baina bertara helduta deuz ere ez zen gertatzen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun