2003ko maiatzaren 25eko udal hauteskundeetan Uribe Kostako eskualdean kandidatura anitzei emandako 97.761 botoetatik 6.736 (%6,89) jaso zuten ezker abertzaleko herri plataformek. Data horretatik hona, ezker abertzaleko talde politiko bakarra, Sopela Aurrera, eskuratu du ordezkaritza legala. Hiru zinegotzi, alegia.
Beste ezker abertzaleko bederatzi plataformetatik batek, Gorliz Aurrera, ez zituen lortu behar izango lituzkeen botoak balizko zinegotzirik eskuratzeko. Falta diren zortzi taldeek; Barrika Baietz, Erandioztarrok, Getxo Bizia, Hain Ederra (Berango), Haize Abertzalea (Plentzia), Ipar Haizea (Lemoiz), Leioa Abian, eta Urdulizen Bagara herri plataformek hain zuzen ere, Alderdien Legearenpean ezeztatu dizkieten 10 zinegotziak aldarrizkatzen dituzte.
Bi urte betetzen dira gaur Euskal Autonomi Erkidegoan azken udal hauteskundeak egin zirenetik. Hori dela eta, Uribe Kosta eskualdean ere kontzentrazioak deitu dituzte, "No Apartheid, dagokiguna bueltatu" lelopean, Alderdien Legearen ondorioz legez kanpo gelditu ziren ezker abertzaleko herri plataformek. 2003ko hauteskundeetan "herriak emandako babesarekin lortutako zinegotzi karguak itzultzea" eskatu eta, "apartheid egoeraren bigarren urteurrena bete dela, egoera inoiz baino lotsagarriago" jotzen dute. Besteak beste, Areetako Xake plazan eta Algortako Telletxen jarri du hitzordua Getxo Biziak, Boulebardean Leioa Abianek eta udaletxean Erandioztarrek. Guztiak 20:00etan hasita.