Maritxu Teilagorri jai herrikoien aldeko Leioako taldeak bere burua aurkeztu du

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mai. 26a, 22:45

Leioan adin guztientzako jai herrikoi, euskaldun, ez sexista, eta partehartzaileak izan daitezen lan egingo duen Maritxu Teilagorri aurkeztu da gaur goizean. Aurkezpenerako tokia taldea bezala, euskaldun, leioztarra eta parte hartzailea aukeratu dute: Leioako Lamia AEK euskaltegia. Alaitz Villate taldeko bozeramaileak adierazi duenez, Maritxu Teilagorri "Leioako Txosna Batzordeak egin duen hausnarketaren ondorioz" eta Leioako elkarteek jaiekin hartu duten inplikazioagatik sortu egin da. Taldeak izaera eta helburuak aurkezteaz gain ekainaren 23tik 26ra burutuko duen jai egitaraua ere ezagutzera eman du. Besteak beste, San Juan gauean akelarrea; ostiralean, Leioako musika taldeen herri kalejira, kamioi baten gainetik herriko plazetan joko dutela eta entsegu lokalak eskatuko dituztela; larunbatean, euskal selekzioen aldeko eta Sahararekin elkartasuneko eguna izango da; eta igandean, adin guztientzako kontzertua eskainiko dute. Arazo bakarra aipatu dute Maritxu Teilagorrikoek: txosnagunearen kokapenari buruz oraindik ez dira heldu akordio batera Udalarekin. Argazki gehiago hemen ikus daiteke, Gaztesarea.net-i esker.

Maritxu Teilagorriren komunikatua, hitzez hitz:

Txosnak Leioako jaietan betidanik egon den elementu bat izan dira, gure azkeneko erreferentzia duela 20 urte arte garamatza baina gehiago ere izan daiteke. Baina, antzinako dokumentuetan ere irakur daiteke gerra aurretik Sanjuanetan txosnak zeudela.

Talde elkarte eta erakunde ugari pasatu dira urteetan zehar txosna gunetik, besteak beste: AEK, neska zein mutilen futbol taldeak, Leioako Intsumiso taldea, Waterpolo taldea, Langabetuen Asanblada, Presoen lagunak, Gaztetxea, Betiko Ikastola, Emakumeen taldea eta abarÅcduela urte batzuk Greenpeace berak ere jarri zuen txosna.

Uka ezina bada ere beste baliabiderik ez daukaten taldeentzat txosnak bitarteko ekonomiko oso garrantzitsua direla. Hau ez da beren helburu bakarra. Txosna jartzearen bitartez herri eragileek jaietan era aktibo batez parte hartzen dute, oso elementu garrantzitsua da hau jai batzorderik ez dagoen Leioa bezalako toki batean.

Hasiera batean, ekarpen hori modu espontaneo batean egiten zen noizean behin konturen bat antolatuzÅc baina astiro-astiro antolatuz joan ginen txosna batzordea sortu arte. Ordutik, kontu ugari antolatu ditugu herriko jaietan: kontzertuak, akelarrea, antzerkiak, herri bazkariak, igela lehiaketak, txokolatadakÅceta udaletxeak gure lana eta aportazio onartu ostean duela 4 urte inguru harremanak arautu egin genituen ere txosna gunea jai egitarau ofizialean sartuz. Ordutik behin baino gehiagotan zoriondu gaituzte gunearen funtzionamendu egokiagatik, herrian zehar istiluak, bortxaketa saiakerakÅc egon diren bitartean txosna gunean ez da horrelako ezer gertatu.

Maritxu Teilagorriren sorrera

Aurten beste pausu bat emateko beharra baloratu genuen, txosna batzordearen funtzioa finkatu eta herri mugimenduari gure azpiegitura zabaltzea markatu genituen helburu moduan.

1. Lehenengoari dagokionez. Jai herrikoi, euskaldun eta partehartzaileak bultzatzea zela ondorioztatu genuen. Partehartze horren barruan emakumezkoen aportazioari garrantzi berezia emanez. Hau argi ikusten da egitarauaren barruan, ikusteko jaiak baino partehartzeko jai batzuk antolatu baititugu (begiratu egitaraua).

2. Bigarrenari dagokionez, herriko elkarteei gutunak bidali genizkien gure azpiegitura eta bitartekoak eskainiz beren ekimenak burutzeko. Eta erantzun batzuk jaso ditugu Musika taldeak, Sahararekin elkartasun taldeaÅckasu.

Esan bezala, ,aurten planteamendu berezia egin dugu herriko eragileei gure azpiegitura eskainiz eta oraingoz oso erantzun positiboa jaso dugu: dantza taldeko batzuek akelarrean lagunduko gaituzte dantzak prestatzen, Sahararen aldeko taldea bere haima erraldoia jartzeko prest dago, bertsolariak eta musika taldeak kalejira antolatzen dabiltzaÅc

Horretaz gain, jaiak jasaten ari diren herrikoi izaera galtzea salatzeko eta auzoetako jai batzordeak, herri eragileak eta txosna batzordea herri partehartzaile eta zabalago baten alde egiten diren lana bultzatzeko sinadura eta atxikimendu dinamika bat jarri dugu abian.

Orain arte, 206 pertsonen sinadura jaso dugu eta 20 elkartearen atxikimendua, tartean Betiko ikastolako enpresa batzordea, Berbalamiñe euskara taldea, Lamiakoko maskarada eta abar.

Txosnagunea

Arestian aipatu legez orain arte udaletxearekin izan dugun harremana egokia izan da, baina aurten nahastu egin da: Otsaila hasieran lehengo tokian obrak hasi behar zutela eta Lamiakoko Darsenara eramango gintuztela esan ziguten. Gu hori onartzeko prest ez geundela adierazi genien, txosnak jaietako parte direla eta herriaren zentruan egon behar zirela (gainera Lamiakok jai propioak ditu eta ez gara inor hauek ordezkatzeko) azaldu eta bost alternatiba behintzat eman genizkien. Eurek jarrera itxiarekin jarraitu zuten.

Azken egun hauetan hala ere herri presioarengatik edo, erreflexionatu dutela dirudi eta jarrera zabalagoa adierazten hasi dira. Hala ere esan behar da oraindik negoziatzen gabiltzala.

Jai herrikoi, euskaldun eta partehartzaileen alde, txosnak herrira!

Egitaraua:

Ekainak 23, osteguna, San Juan gaua

21:30 Txosna gunearen irekiera ofiziala, txanpaina, pregoia…
22:00etatik aurrera, Sardina Jana.
23:00etan erromeria hasiera. TAPIA TA LETURIA
23:55 Su espektakulua eta Sumetaren piztea.
24:00 Akelarrea: Erromeria eta dantza ikastaroa.

Ekainak 24, ostirala

19:00etatik aurrera Jai herrikoien aldeko kalejira: Rock maratoia, Grafiteroak, bertso poteoa, malabarista…
22:30 Gazte Afaria
24:00 KONTZERTUA: Basaki eta Habeas Corpus
5:30etan txosna itxiera.

Ekainak 25, larunbata

11:00etan Euskal Selekzioaren aldeko jaia:
-Kirol eta dantza erakustaldia.
-Bertsolariak
-Txakolin dastatzea.
-Haurrentzako tailerrak eta jokoak
14:30etan Herri Bazkaria, bazkal ostea Sagardolek alaitua eta Mus finala.
16:30etan ur puxika gudua.
20:00 Saharar herriarekin elkartasun haima, Te dastatzea…
23:00eta KONTZERTUA: Banda Batzoki eta Nuuk-at

Ekainak 26, igandea

20:00etan KONTZERTUA: Karidadeko Benta
22:00etan Afaritxoa eta txonen hustea.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun