Horregatik, sakabanaketa indarrean dutenei nahiz mendeku gosez politika hiltzaile hori babesten dutenei argi eta garbi adierazi behar diegu: gaixotasunen sorleku den kartzelan dituzten Josu Uribetxeberria, Jon Agirre Agiriano, Bautista Barandalla… kalean behar ditugu, aski da jipoiez, sakabanaketak eragindako istripuez, aski da isolamenduaz eta, azken batean, aski da sakabanaketa politikaz. Etorkizunari itxaropenez begiratu nahi diogu, gaur euskal preso politikoen Kolektiboa osatzen duten 720 lagunek isolamendu politikoaren aurka eta estatus politikoaren alde kartzelaz kartzela burutu dituzten ekimenetan egin duten bezala.
Zer beste bide dute bada estatuek nahiz alderdi politikoek eta eragileek, horrenbeste sufrimendu sortarazten duen gatazka politiko honen konponbiderantz benetan pausoak eman nahi badituzte, euskal preso politikoak Euskal Herriratu eta Kolektibo oso baten eskubideak bermatu baino? Koldarkeria politikoak eta alderdi interesek Euskal Herriak bizi duen gatazka politiko historikoaren konponbide demokratiko eta behin betikoaren atzeratzea dakarte, bere ondorio guztiekin. Bada ordua beraz, ausardiaz jokatu eta, bide horretan pausoak emateko, bada ordua, euskal preso politikoei estatus politikoa aplikatuz, herri honi etorkizun oparoago batean amesten eta bizitzen uzteko. Euskal preso politikoak Euskal Herrira, etxera!