Sinatzaileen komunikatua
1. Euskal Herriko herritarrok badugu euskara ezagutzeko eskubidea eta eskola tresna aparta da horretarako. Hala ere, gaur egun ez da bere helburua zeharo betetzen ari ez baititu haur denak euskalduntzen eta leku askotan euskaraz ikasteko aukera ukaturik baitago.
2. Gure ustez, euskalduntzea lortzen ez duten sistemak gaindituz, eskolak belaunaldi berriak euskaldundu behar ditu. Helburu hori bermatzea Hezkuntza Administrazioen ardura da.
3. Zeregin horretan guztiz funtsezkoa da hezkuntza komunitatea osatzen duten eragile guztien konpromisoa: gurasoena, ikasleena, irakasleena, baita beste hezkuntza langileena ere. Beraz, Bertendonako ikastetxean itxita dauden irakasleen jarrerak euskararen normalizazioari ez dio batere mesederik egiten. Euskara ikasi eta dagokien maila eskuratzea lortu duten irakasle eta beste hezkuntza langileen adibide txalogarriarekin gelditzen gara baita kalitatezko eskaintza bermatzearren etengabe haien hizkuntza lantzen dutenenarekin ere.
4. Gogoratu nahi dugu euskaraz lan egin eta irakatsiko duen Unibertsitate baten aldeko apustua egin dugula Akordioan, baita Lanbide Heziketaren kasuan ere, horixe baita euskararen normalizazioak landu beharreko bidea.
5. Hezkuntzak dituen egitekoen artean garrantzizkotzat jotzen dugu etorkinak euskalduntzea. Izan ere, belaunaldi berriak osorik euskaldunduko dituen hezkuntza baten aldeko apustu garbia egiten dugu.
6. Horregatik guztiarengatik, dei egiten diegu Bertendonan itxita dauden irakasleei EAEko hezkuntza publikoarekiko beraien erantzukizunari hel diezaioten eta, halaber, herritarrei euskalduntzea lortuko duen euskal hezkuntza sistema publikoaren alde lan egin dezaten.