Igeltseraren aldeko mozioa atzera bota du Sopelako Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mai. 28a, 00:49

Sopela eta Urdulizko Gazte Asanbladaren izenean, Igeltsera gaztetxearen aldeko premiazko mozioa aurkeztu zuen, ostegun arratsaldeko osoko bilkuran, Sopela Aurrerak. Hala ere, ezker abertzaleko herri plataformak eta EB-Berdeek baino ez zuten alde bozkatu. Udal gobernuaren ardura duen EAJk aurka egin zuen eta PP abstenitu egin zen. Mozioan euren autogestionatzeko lokala eskatzen zuten SUGAkoek. Edo bestela, Sopelako Udala gazteen eta Bizkaiko Foru Aldundiko ardunen artean "bitartekari" lana egitea, Igeltsera erabili ahal izateko. Ertzaintzaren asteazkeneko jarrera "bortitza" ere salatu zuten neska-mutilek, baita Sopela eta Urdulizko agintarien jokabidea ere.

Arratsadeko zazpietatik aurrera hasi ziren batzen gazteak Sopelako udaletxe aurrean, ordu erdi berandua hasi behar zen osoko bilkuran parte hartzeko asmoz. Berrogehi lagun guztira, itxaroten zeuden bitartean, aurreko egunean gertatutakoa komentatzeko aprobetxatu zutenak. Sopela eta Urdulizko Gazte Asanbladakoek UKBERRIri jakinarazi ziotenez, gutxienez, bi dira Ertzaintzaren oldarraldien ondorioz zauritutako gazteak: horietako batek ipurdian jaso zuen pilotakada eta besteak sorbaldan. Minak min, ubeldurak baino ez dituzte. Horretaz gain, gazteetako bat dorre gainean zegoela pilotakada batek uralitan jo eta hura "guztiz txikitu" zuela adierazi zuten. "Eskerrak mutila pizkat atzerago zegoela, bestela...", salatu zuten.

Premiazko mozioa

Ordua helduta, udalbatzara aretora igo eta lekua hartu zuten isil-isilik gazteek. Behin gai-zerrendako puntu eta gainontzeko mozioak jorratu ostean, Igeltsera gaztetxearen gainean, SUGAkoen idatzia aurkeztu zuen Sopela Aurrerak. Azken momentuan eramana zegoenez, lehendabizi, premiazko moziotzat hartzen zen ala ez bozkatu behar zela adierazi zuen Imanol Garai alkateak eta, orduan, tira-bira txikia egon zen udal agintariaren eta Guillermo Vio ezker abertzaleko plataformako bozeramailearen artean, azken honek "premiazkoa zergatik den azaltzeko eskubidea" bazeukalako. Hala ere, Viok aipatu zuenez, "nahiko ilogikoa da gaia premiazkoa den ala ez eztabaidatzea, batik-bat, azken aste honetan gertatutakoa ikusita. Zer egin beharko genuke bestela? Beste bi hilabete itxaron udalbatzara ekarri ahal izateko?" Astelehenean aurkeztu behar zutela jakinarazi zuen, baita "egunez egun gertatutakoekin, ezinezkoa" egin zitzaiela ere. Bozketara jota, aho batez onartu zuten alderdi guztiek premiazkoa zela. Txaloka hasi ziren orduan neska-mutilak.

Mozioa irakurtzen hasi baino lehen, "idatzia gazteena beraine denez ehuneko ehunean" bere taldeak "inolako protagonismorik ez" duela nahi argitu zuen Sopela Aurrerako bozeramaileak; baita horren inguruan gainontzeko alderdiekin "eztabaidatzeko, adostasun maila batera heltzeko eta negoziatzeko prest" zeudela ere.

Autogestioa guztiz legitimoa

Bestalde, Jose Vicente Ojinaga EB-Berdeaetako bozeramaileak adierazi zuenez, "Sopelako Udalaren eta autogestio maila handiagoa nahi duten gazte horien arteko elkarrizketaren beharra" azpimarratu du aspalditik bere taldeak. "Beste kolektiboentzako lokalak baldin badaude, gazte hauek ere daukate horrelakorik izateko eskubidea. Autogestioa aukera zilegia ela legezkoa da", azaldu zuen horrek.

Horretaz gain, "Segurtasun Indarrek" (sic) izandako "neurriz kanpoko jokabidea" salatu zuen Ojinagak. Horretaz gain, Iruñeako Euskal Jai gaztetxea desalojatu zutenean izan zituen "elkartasun hitzak" oraingoan erabili ez izana leporatu zion Udal Gobernuari, "batik-bat agintzen ari den taldea beste bat delako". "Negoziatzeko ordua" dela esanez bukatu zuen Ojinagak, "gazteen egoerak beste irtenbide batzuk behar dituelako; ez okupazioarik, ezta desalojorik ere" eta eurek ere, bere aldetik, pausuak eman behar dituztela gogoratu zien neska-mutilei.

EAJk bakarrik osatzen duen udal gobernuaren izenean, Ricardo Ibarrak adierazi zuenez, "Sopelan badaude kultur, kirol eta aisialdi taldeentzako lokalak. Baina oraingoan beste bat da arazoa. Beti heldu gara akordioetara taldeekin elkarrizketa egon eta biolentzia bazterrean utzi bada". Hori entzunda, Igeltserako gazteek indarkeriazko ze ekintza burutu duten galdetu zion zinegotzi jeltzaleari Guillermo Vio Sopela Aurrerako bozeramaileak. "Ez dut hori esan, baizik eta akordioetara heltzeko bi horiek direla baldintzat" jarraitu zuen Ibarrak, "ba oraingoan ez dira lortu" bota zion orduan Viok. Bozkaketara jota, EB-Berdeek eta Sopela Aurrerak baino ez zuten aldekoa botoa eman. Horrek tira-bira txikiak eragin zituen ikusle bazala zeuden gazteen eta udal gobernuko ordezkarien artean. Hala ere, ez zen gehiagora heldu.

Gazteak mesfidati

Ikusleriarentzako eskaera eta galdeketa txandan, Sopela eta Urdulizko Gazte Asanbladako kide batek hartu zuen hitza. "Gu ere gazteria gara, kontua da autogestionatutako lokala nahi dugula", aipatu zuen berak. Horren harira, Sopelako Gazte Plana egiteko bilerak egon zirenean, udal arduradunekin egon zirela gogoratu zuen SUGAko kideak, lokal autogestionatua nahi zutela... eta oraindik erantzunik ez dutela jaso. "Ez gaitzazue gaizkiletzat hartu, herriko semeak ere bagara. Baina okupatzea beste alternatibarik ez diguzue uzten", jarraitu zuen gazteak. Gainera, egunotan gertatutakoa ez dutela ulertzen aitortu zuen: "ez zaigu buruan sartzen atzo egin zenigutena. Orain ere, Ertzaintzaren bi furgoneta daude behean –osoko bilkura amaitu baino lehen joan ziren–".

Imanol Garaik hitza hartu eta esandakoa "logikoa eta zilegia" iruditzen zaiola, baino "pentsamolde ezberdina" daukatela erantzun zion gazteari. "Hitzordua eskatu zenidaten eta nik ez diot hori inori ukatzen. Beraz, ekartzazue asteazkenean egitasmoa eta begiratuko dugu", jarraitu zuen udal buruak. Hala ere, hori entzun arren, mesfidati agertu ziren SUGAkoak. "Orain hiru urte, gauza bera eskatu zeniguten eta azkenean poliziak atera gintuen Eskola Gorrietatik", erantzun zion aurreko gazteak. Horretaz gain, EAJk ere agintzen duen Elorrion, gaztetxea konpontzen duten bitartean, gazteei beste toki bat eman dietela jakinarazi zuen SUGAko kideak. Igeltseraren desalojoan Ertzaintzak izandako jarrera bortitzari buruz galdetuta, erantzunik ez zen egon udal gobernuaren aldetik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun