Igeltsera bizirik, gaztetxea lortuko dogu lelopean 250 bat gazte batu ziren atzo arratsaldean Sopela eta Urdulizko Gazte Asanbladak asteazkenean egindako deialdiari erantzunez. Manifestazio kilometrikoa izan zen, eta Sopela-Urduliz-Sopela ibilbidean guztiz hormatuta dagoen Igeltsera gaztetxetik birritan pasatu egin zen. Bizkaiko Foru Aldundiak indarrez berreskuratutako eraikinean hogei bat ertzain egon zen zaintza lanetan oldartzeko tresneria eskuetan zuela. Halere, asteazkenean ez bezala atzo ez ziren gazteen kontra aritu. Urdulizko batzokiaren aurrean, petardo bat bota eta gero, irakurri zuten adierazpenean Kukutza, Itzubaltzeta, Algorta, Leioa eta beste herri eta gaztetxeen laguntza eskertu zuten SUGAkoek. Era berean, azken bi asteotan bizi izandakoa gogoratu zuten eta Bizkaiko Foru Aldundia, EAJ eta Sopela eta Urdulizko agintarien jarrera ertzainei leporatu zizkieten desalojoa, identifikazioak eta jipoiketekin berdindu zuten. Dena den, negoziatzeko prest agertu zen SUGA, baina ez gaituztela kikilduko argi utzi zuen.