San Nikolas plazaren inguruan kokatuta zeuden zaramontziak erre zituelakoan I.B.G. 20 urtetako getxoztarra atxilotu zuen Ertzaintzak, iragan den larunbateko goizeko 02:00ak pasatuta. EAEko Herrizaingo Sailak kaleratutako prentsa oharraren arabera, gazteari kalteen ustezko delitua leporatzen diote, eta "bandalismo ekintzatzat" jo dute gertatutakoa "egindako lehenengo ikerketen arabera". Ertzaintzak jakinarazi duenez, goizeko ordubiak aldera bidali zen San Nikolasera auto bat, auzokideek sute baten berri eman ostean.
Ertzainek bost zaramontzi aurkitu zituzten sutan eta horiek amatatzeko suhiltzaileen laguntza eskatu zuten. Horren ondoren, inguruetatik abiatu ziren miaketetan eta Telletxe kalean kartoi batzuei sua ematen ari zen gazte bat topatu eta atxilotu zuten, beti ere Herrizaingo Sailaren arabera.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.