Ingurumenaren Egunean inauguratuko dituzte Sopelako frontoi eta eskalada-murru berriak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mai. 31a, 21:17

Apirilaren 4an ospatuko den Ingurumenaren Egunean inauguratuko ditu Sopelako Udalak, Iturrieta parkean egindako estali gabeko frontoi eta eskala-murru berriak. Pilotalekuak 9 metro luzeerako frontisa, 30 metroko ezkerreko pareta eta 10 metroko altuera ditu. Eskalada-murrua, berriz, frontisaren bestaldean kokatuta dago eta 9 metroko zabalera eta 7 metroko alduera ditu. Besteak beste, 88 metro koadro 3D Real Rock panelez, korrosioaren aurkako inprimazioa daukan metalezko egituraz, 400 heldulekuz eta beste horrenbeste torlojuz osatuta dago. Egiturak hormara finkatzeko ainguralekuak, altzairu herdoilgaitzezko jaistekoak eta segurtasun txapak ere baditu; horientzako torlojuekin batera.

Frontoiaren ezker paretaren 30 metroko luzeera aprobetxatu dute "bulder" bat egiteko. Eskalada-murrua beteta egon ala ez, entrenatzeko erabili ahal izango dute eskalatzaileek. Horretarako, heldulekuak jarri dituzte 3 metroko altueran, horma zabalera osoan. Gainera, horrela beste itxura bat eman diote hormari, hormigoia bakarrik agerian utzi beharrean.

Aste Berdea

Aste Berdearen inguruko ekitaldiei dagokienez, ekainaren 2an emango zaie hasiera, Elena Ocasar eta Aitor Intxaurragak eskainiko duten “Indiaren Hegoaldea, mendiko bizikletaz” izenburuko hitzaldiaren bidez, 19:00etatik aurrera, udaletxeko hall kulturalean. Apirilaren 4an, berriz, birziklatze tailerrak ("Potato", esku pilota, iturriak eta txorientzako etxetxoak) egongo dira 11:30etik 14:30era. Baita ibilbideak bizikletaz (Ugeragako txirrindulariekin), eskalada ikastaroa begirale espezializatuekin eta landareen landaketa ere. Esan bezala, Ingurumenaren Egunaren barruan, frontoia eta eskalada-murrua inauguratuko dira 12:00etan. Eta ondoren, esku pilota partida jokatuko da, Kepa Deuna I. Txapelketaren barruan. Azkenik, ekainaren 5ean, Garbibusa egongo da udaletxeko plazan, 10:00etatik 14:30era.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun