Lehendabiziko aldiz ospatzen ari da Getxon Aste Berdea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mai. 31a, 22:41

Erakusketa ibiltaria, Bolueko paduretara eta Azkorriko dunetara bisita gidatuak eta argazki lehiaketa egingo dituzte Getxo udalerrian, igandera bitartean, Aste Berdea ospatzeko. Eusko Jaularitzaren Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailak antolatuta, besteak beste, EAEko hainbat udalen eta EUDELen laguntza dute jardunaldiek. Fernando Burzako Ingurumen zinegotziak aipatutakoaren arabera, aurretik ere antzeko ekimenak egiten ziren arren, lehendabiziko aldiz bat egin du Getxo udalerriak Eusko Jaurlaritzak sustaturiko programarekin, "ingurumena zaindu eta garapen jasangarria sustatzearen beharraz herritarrak, eta bereziki gazteak kontzientziatzeko asmoz".

Ekitaldiei dagokienez, gaur zabaldu da Algortako Telletxe plazan erakusketa ibiltaria: Eskola Agenda 21 delakoaren barruan, ikasturtean zehar bost ikasle getxoztarrek ingurumen iraunkortasunari buruz egin dituzten jarduerak paneletan ikusi daitezke. Bihar, berriz, Areetako Xake plazan egongo da ikusgai; eta hurrengo bi egunetan (ekainak 2 eta 3), berriro ere, Telletxe eta Xake plazetan, hurrenez hurren. Ordutegia, 11:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara izango da. Gainera, 3.000 landare inguru, liburuorri bereizleak eta pegatinak ere banatuko dira. Igandean, ekainak 5, haurrentzako jarduerak egongo dira Algorta zein Areetako oinezkoen gunean. Hauek guztiak 11:30etik 14:30ak arte izango dira.

Bisita gidatuak

Halaber, Bolueko paduretara eta Azkorriko dunetara bisita gidatuak egongo dira ekainaren 4an eta 5ean, hurrenez hurren, 10:00etatik aurrera biak. Larunbaterako hezeguneko ponpa-etxolan jarri dute topalekua eta Xabier Boenetxea biologoak emango ditu azalpenak. Igandean, berriz, Azkorriko aparkalekuan geratuak dira Basozaleak elkartekoak beharrezkoak diren argibideak emateko. Edozeinek parte hartu dezake, dohainik.

"Ingurumena Getxon" I. Argazki Lehiaketa

Azkenik, argazki lehiaketa ere antolatu dute, getxoztar guztiei zabalik. Lanak paperean edo euskarri digitalean aurkeztu beharko dira, Ingurumen Arloan (Foruen kalea, 6, 3a), azken eguna ekainaren 3a dela (eguerdiko 12etan). Lehenengo saria, lau pertsonarentzako bazkaria edo afaria Cubita jatetxean (Aixerrotan) eta bigarrena pertsonarentzako afaria Goiezti jatetxean dira, besteak beste. Ikasleei zuzendutako ingurumenari buruzko beste marrazki eta argazki lehiaketak ere antolatu dituzte.

"Ingurumena Getxon" I. Argazki Lehiaketaren oinarriak (PDF Dokumentoa)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun